https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Liburutik ikus-entzunezkora: kalean da 'Black is beltza'

Liburutik ikus-entzunezkora: kalean da 'Black is beltza'

Toronto International Film Festivalek (TIFF) filma bi aldiz eskaini du, baina animazio filmaren nazioarteko estreinaldia Donostiako Zinemaldian izango da

AMALIA IBARGUTXI

Bidaia luzea egin eta gero, zinema aretoetara heltzear da Fermin Muguruzak gidatu duen proiektua. Asteazkenean Toronto International Film Festivalek (TIFF) bi aldiz proiektatu zuen animaziozko filma. Akreditatuentzat eta nazioarteko banatzaileentzat eta industrian dabiltzanentzat izan da ikusgai hango TIFF Bell LightBox – Cinema 7n.

2009an proiektuan lanean hasi zenetik, noiz amaituko zain dituen zaleek ez dute luze itxaron beharko filma ikusteko, ordea. Fermin Muguruzak zuzendutako eta Film Factoryk nazioartean banatuko duen 'Black is beltza' animazio filmaren nazioarteko estreinaldia Donostiako Zinemaldian izango da, irailaren 28an, ostirala, 18.30ean Kursaalean.

Bertan izango dira, besteak beste, Fermin Muguruza zuzendaria bera, lantaldea, musikariak, eta aktore-aktoresak; Unax Ugalde, Isaach de Bankolé, Jorge Perugorria, Sergi López, Rossy de Palma, Hamid Krim, Ramon Agirre eta Oscar Jaenada tartean. Hemengo zinema areto arruntetan urriaren 5etik aurrera ikusi ahalko da, Barton Films-ek banatuta.

1965eko urriko gertakizun baten harira sortu zen proiektua. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso zuen Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezin izan zuten, ordea, denek desfilatu: agintari ipar-amerikarrek debekatu egin zuten erraldoi beltzen parte hartzea. Erraldoi beltz haietako bat soinean eraman behar zuen Manex Unanueren ikuspuntua biltzen du filmak oinarri duen nobela grafikoak.

Zehatzago, agertzen da Unanueren ikuspuntua 60. hamarkadako nazioarteko gatazken inguruan: AEBetako arrazakeria arazoak, 'The Factory'-ko lagunen gorabeherak, Andy Warhol tarteko, Gerra Hotza, Pantera Beltzen borroka... Musika, politika eta gizarteak ardatz, desberdintasun eta antzekotasunen inguruan pentsaraziko duen proiektua da Muguruzak Harkaitz Canorekin batera sortutakoa. Ilustrazioei dagokienez, Jorge Alderete arduratu da marrazkiak egiteaz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos