https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Liburuak Saltzea

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Liburuak idaztea lan zaila da, eta zer esanik ez liburu horiek saltzea. Liburu-denda batean sartuz gero, berehala ohartzen gara ia hamar bizialdi beharko genituzkeela, gutxienez, une horretan liburu-dendan dauden liburu guztiak irakurtzeko. Eta «une horretan» azpimarratu dut; izan ere, handik bi edo hiru astetara liburu-denda berera joanez gero, Heraklitoren esakune ezagunean bezala, ez liburuak ez gu, ez ginateke lehengo berak izango. Liburuak berehala zahartzen dira, gero eta bizitza laburragoa dute liburu-dendetako apaletan. Paradoxikoa ere bada, ez baitugu faltan zer irakurria; faltan duguna denbora da, irakurri nahi dugun hori irakurtzeko beharrezkoa den denbora. Hori dela eta, zenbait argitaletxek eta marketing arduradunek estrategia komertzial zehatzak baliatzen dituzte egile bataren zein bestearen liburuak goratzeko eta famatzeko. Batzuetan, datu objektiboak izaten dira: zenbat ale saldu dituen, saririk irabazi ote duen… Beste batzuetan, ordea, ez dira datu hain objektiboak: ‘Urteko liburua’ (gero eta maizago ikusten den kontzeptua, liburuen izaera efimeroa baieztatzera datorrena); «Urgentea da liburu hau irakurtzea»; «Bizitza aldatuko dizu»; «Ezingo duzu utzi, kateatu egingo zaitu»; «Bizitza osoan zehar itxaron izan duzun liburua»… Kontua da batzuetan pasatu egiten direla marketing arduradun horiek. Ondo dago saldu nahi izatea, baina xingola horietan egiten dituzten konparaketak erabat desegokiak izan daitezke. Lehengoan, 1936ko gerrari buruzko nobela baten xingolan honako hau irakurri nuen: «Gerra Zibilari buruzko pasarterik hunkigarriena». Hunkigarria, bai, baina hunkigarriena? Nola neur daiteke zein den gerra baten pasarterik hunkigarriena? Ez al da hori apur bat handinahia? Beste adibide bat: gure gatazkan girotutako gaztelaniazko nobela aski ezagun batek, orain bezainbeste ale saldu ez zituenean artean, xingola aski esanguratsua zeraman liburuaren azalean, non liburu kaleratu berriari buruzko gorazarreak irakur baitzitezkeen. Eta bazen liburu hura Tolstoiren ‘Gerra eta bakea’rekin konparatzen zuenik ere. Txantxetan? Ez, benetan ari zen. Ados, argitaletxeak liburuak saldu nahi ditu, baina ‘Gerra eta bakea’ ur handitako arraina da. Ez da serioa gauzak ahora etorri bezala esatea eta bapo-bapo geratzea. Zer konparatu daiteke Tolstoiren maisu-lanarekin, pertsonaia eta gertakarien isuri zoragarri eta ia perfektu horrekin? Konparatu al daiteke euskal gatazka ia Europa osoa astindu zuen Gerra Napoleonikoekin? Umekeria dirudi horrek. Probintziakeria. Berotasun bulkada itsu edo interesatu baten fruitua. Izan ere, alderaketa horrek ez du ez bururik ez hankarik.

Antzeko zerbait gertatu zen iazko Literatur Nobel Sariarekin. Eman ziezaioketen saria Philip Rothi, Adonisi, Kadareri, Kunderari, Joyce Carol Oatesi, Rushdieri eta abarri. Kalitateari dagokionez, irabazleena bezain zerrenda ona egin daiteke hainbat galtzailerekin. Baina Dylan-i eman zioten (eman ziezaioketen ere Woody Allen-i, haren gidoi bikainengatik, edo Billy Wilder-i), eta askok Homerorekin alderatu zuten abeslari estatubatuarra. Ukaezina da Dylanek ohorezko lekua duela musikaren munduan. Egia da oso erraza dela Dylan eta Homeroren konparaketa egitea, biek kantatzen baitzituzten beren poemak, biak zirelako rapsodak. Baina konparaketa kamuts samarra da. Zergatik? Homerok duela 2.800 urte inguru idatzi zituen bere poema hilezkorrak, eta erreferente bat izaten jarraitzen du oraindik, itzal luzeegia du. Mendeetan zehar Homeroren bertsoak ikasi dituzte ikasleek eskoletan, ez bakarrik Greziakoetan. Homero izan zen Virgilioren eredua. Homerorekin sortu zen literatura, haren haritik gatoz denak. Dylanen merituak ez dira txikiak, baina Homerorenen ondoan harri koskor txikiak baino ez dira. Justuki Kadarek, Nobela irabazi ez duen horietako batek, badu liburu zoragarri bat Homerori eta rapsodei eskainia, ‘H. Dosierra’ izenburukoa.

Gauza bat da liburuak saldu nahi izatea, eta oso bestelako bat, irakurlea inozotzat hartzea eta zorroztasuna alde batera uztea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos