https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zer liburu eramango duzu oporretan?

Emakume bat liburu denda batean irakurtzen. /Avelino Gómez
Emakume bat liburu denda batean irakurtzen. / Avelino Gómez

Askotan kosta egiten da aukeratzea, eta erabakia errazteko, hona hemen eleberri, poesia, blog eta beste arlo batzuetako hainbat gomendio

AMALIA IBARGUTXI

Uda irakurtzeko garaia da, edo izan daiteke. Oporretan, hondartzan, ibai-ertzean, mendian, lanera bueltatu aurreko tartetxoan… asko dira irakurtzeko uneak, moduak, formatuak eta lekuak. Paperekoak, eBook direlakoak, liburutegian maileguan hartutakoak edota erositakoak. Hamaika modu dago liburu bat eskuratzeko, eta katalogoak ere luze-luzeak dira egun. Zaila izan daiteke aukeratzea, eta erabakia errazteko, hona hemen salduenetariko batzuk, klasikoren bat eta bestelako zenbait gomendio.

Gobernuak argitaratutako azken 'Irakurketa ohitura eta liburu-erosketen barometroak' adierazi duenez, Euskadi da liburu gehien erosten diren autonomia erkidegoa, herritarren erdiak urteko 9,7 liburu erosten dituelarik. Elkar argitaletxeko webgunearen arabera, Joel Dicker-en 'La desaparición de Stephanie Dicker' eleberria da gehien ari direna saltzen, eta ondoren, Alfonso Zapicoren 'Zubigileak' ari da izaten salduena. María Dueñasen 'Las hijas del capitán' eta Lucio Urtubia anarkista ezagunaren inguruko 'Gerezi garaia' dira beste liburu salduenak, eta Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' ere raking berean ageri da.

Liburu digital edo eBook-en kategorian, bestalde, Kattalin Minerren 'Nola heldu naiz ni honaino' eta Alberto Ladronen 'Gezurren basoa' zein 'Arotzaren eskuak' nabarmentzen dira. Liburudendak gomendatutakoen artean daude, bestalde, Judith Butlerren 'Genero nahasmendua' eta Mikel Ayestaran kazetariaren 'Las cenizas del califato'.

Klasikoak, poesia eta blogak

Nobedadeek interesik eragiten ez dien lagun horiek klasikoak berreskuratzeko tartea ere badaukate oporren lasaitasuna baliatuta. Adibidez, aurten Carson McCullers jaio zela ehun urte bete direla, eta hil zeneko 50 igaro direla aitzaki hartuta, bere lana ezagutzeko momentua izan daiteke.

Estatu Batuetako idazlea izan zen McCullers, eleberrigilea. Bere lan ezagunenak The Heart Is a Lonely Hunter (1940, Bihotza ehiztari bakartia da) eta The Member of the Wedding (1946, Eztei-kidea, zinemara ere eramana) izan ziren. Jaso zituen sari eta errekonozimenduen artean dago, adibidez, 'Quick' aldizkariarena: bere garaiko idazle onenen izendatu zuen II. Mundu Gerraren ostean.

Azkenik, poesia eta interneteko blogak nahasten dituen atari bat: Castillo Suarezen 'Iparraldeko neska'. Irakurtzeko ohitura erabat galdu ez baduzu nahi, edo poeta zein argazkilari desberdinak deskubritu nahi badituzu irakurketa arinen bidez, blog aproposa da hau. Bertan, idazle nafarrak poema bat argitaratzen du egunero, eta egunero artista desberdinak jartzen ditu irakurleen begi-aurrean. Azkue Fundazioak antolatutako 'Blogetan' lehiaketan saritu zuten iaz, kultura kategorian. 'Berria' egunkariaren ataritik du sarbidea, mugikor zein ordenagailuetatik.

Castillo Suarezen poema liburuak, eta lehen aipaturiko guztiak Liburubila Kultura-baliabideen bilatzailean aurki daitezke. Bertatik, Euskadiko Irakurketa Publikoko liburutegiak aukeratu eta non dauden eskuragarri ere bilatu daiteke. Irakurtzeko ez da derrigorrezkoa liburuak erostea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos