https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

LGTBI pertsonek dituzten pertzepzioak jaso ditu Gasteizek

LGTBI pertsonek dituzten pertzepzioak jaso ditu Gasteizek

Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostikoaren aurkezpena egingo da gaur arratsaldean Goiuri jauregian

SERGIO EGUÍA

Hiriko LGTBI pertsonen pertzepzioak jasotzen dituen azterlan baten bitartez, LGTBI biztanleriaren premiak zehaztu ditu Gasteizek, bost esparrutan, helburutzat harturik errealitateak ezagutzea, eta, diagnostiko horretatik abiaturik, sexu-dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzea, eta lantzen ari den IV. Berdintasun Planean jasotzea.

Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostiko horren ondorio nagusiak aurreratu dituzte gaur goizean Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek eta Irabaziko bozeramaile Oskar Fernándezek —dagoeneko gainerako talde politikoei aurkeztu zaizkie, eta gaur arratsaldean egingo da jendaurrean, Goiuri jauregian—.

Udal-gobernuak Irabazi-Ganar taldearekin hartutako konpromisoetako bat izan zen erradiografia hori egitea. Gasteizko LGTBI pertsonen errealitateen diagnostikoa orobat izan da hiriko mugimendu feministaren eskaria.

Azken sei hilabeteetan egin du azterlana Kualitatek, Aldarterekin lankidetzan. Gainera, kontraste-espazioak izan dira, zeinetan hainbat adituk parte hartu baitute, hala nola Lucas Platero, Fefa Vila, Gerard Coll-Planas eta Sejo Carrascosak.

Gasteizko lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen errealitatean zentratzen da diagnostikoa, eta 2017ko ekainetik azarora bitartean egin da.

Hiriko LGTBI pertsonengana hurbilduz egin da lehen azterketa-lan hori, eta halaber Gasteizko LGTBI elkarte-ehuneko kide diren edo beren eguneroko lanean nola edo hala pertsona horiekin diharduten elkarte, talde eta entitateengana. Udalaren IV. Berdintasun Planean sar litezkeen hainbat lan-ildo ere proposatzen dira.

Diagnostikoaren lan-prozesuan LGTBI pertsonek emandako informazioa ugaria eta oso aberatsa izan da, dibertsitateagatik eta analisiaren hainbat arlotan egin dituzten ñabardurengatik —espazio publikoa, lana, osasuna, hezkuntza, kirola, aisialdia eta kultura—. Parte hartu duten pertsonek planteatutako pertzepzioak dira, eta haien iritzia da azterlanean jaso dena.

“Gasteiz hiriko LGTBI pertsonen dibertsitate handia islatzen du informazioaren aberastasunak. Sexu- eta genero-dibertsitatea zeharkako kontu bihurtzen ahalegintzen ari da Berdintasun Zerbitzua. Esate baterako, ikuspegi horrek Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren programazioa zeharkatzen du, eta indarkeria matxistaren prebentziorako eta erantzun publikoa emateko programa, eta berdin egingo du IV. Berdintasun Planean”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Gainera, Jaione Aguirrek berretsi egin du Udalaren konpromisoa, zein baita emaitzak sexu- eta genero-dibertsitatearen arretaren gaineko esku-hartzea diseinatzeko lanean aintzat hartzekoa. Udalaren IV. Berdintasun Plan Estrategikoak zeharkakotzat joko du sexu- eta genero-dibertsitatea, eta diagnostikoan antzemandako lehentasunak bere egingo ditu.

Irabazi Ganar taldearen bozeramaile Oskar Fernándezek, berriz, nabarmendu du Udalera iritsi zirenetik beren lan-ildoetako bat Gasteizko LGTBI politiketan aurrera egitea izan dela. “Udalak ezin zuen jarraitu atzeko bagoian, eta beharrezkoa zen aurrera egitea, beste udal batzuen mailan jartzeko, hala nola Madrilekoa, Bartzelonakoa edo Iruñekoa. Uste dugu diagnostiko hau abiapuntu bat dela, dibertsitatea errespetatzen duen gizartea lortzeko, homofobia, bifobia, lesbofobia eta transfobiarik gabeko gizartea.

Gure konpromisoa berresten dugu, LGTBI politikak Gasteizen errealitate bat izan daitezen lan egiten jarraitzekoa, eta dokumentuak planteatzen dituen ekintza-ildoetan laguntzeko premia nabarmenduko dugu. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu diagnostiko hau errealitatea izan dadin horrenbeste lan egin duten pertsonei, kolektiboei eta Berdintasun Zerbitzuari”, bukatu du Fernándezek.

Diagnostikoaren ondorio nagusiak

LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonak errealitate sozialki heterogeneo eta aldakor eta aldi berean oso pertsonaletakoak dira. LGTBI zer den definitzeak eztabaida sozial handia dakarren kontua izaten jarraitzen du eta jarraituko du.

LGTBI etiketa ohiko definizio mediko, psikologiko edo sexologikoetatik aldentzen da. Gasteiz hiriko LGTBI errealitateen diagnostikoan parte hartu duten pertsonek ez dute beren burua halakotzat definitu, aho batez. Pertsona bakoitzak nahi izan duen etiketa aukeratu du, eta bere esperientziaren, bizipenen eta egunerokotasunaren arabera egin du bere.

LGTBI pertsonek aurkeztu dizkiguten errealitateak aztertu dira, begirada intersekzionaletik, eta egoera zehatzak ulertzen lagundu du horrek, beste antolatzaile sozial batzuekiko erlazioan, hala nola adina, etnia, jatorri kulturala, dibertsitate funtzionala, seropositibotasuna, lan-egoera edo gorputz- eta genero-dibertsitatea.

Eskuratutako informazioan argi eta garbi ageri da ezen, oro har, LGTBI kolektibokoak izateagatik, pertsonek urraketa sorta bat jasan behar izaten dutela Gasteizen, komunzki erasoekin erlazionatuak —etengabeko erasoak jasaten dituzte, eraso fisikoak, irainak, mespretxuzko begiradak; cruisinga egiten den leku publikoetan eta kalean—, eta orobat diskriminazioa, ikusezintasuna eta beren arazo eta premiak administratzaile interesatzen ez zaizkieneko sentsazioa.

Beste ondorio bat da sentsibilizazio- eta prestakuntza-lana behar dela, tratu ona, berdintasuna eta bereizkeriarik eza bermatzeko. Aztertutako esparru horietan guztietan, berariazko neurriak behar dira, LGTBI biztanleriaren ahultasun-egoera larrienetan zentraturik eta horiek aintzat harturik —adinekoak, beste kultura batzuetakoak, seropositiboak, ezinduak…—.

Diagnostikoan orobat jasotzen da LGTBI elkarteak edo, oro har, sexu- eta genero-dibertsitatea ez direla ezagutzen, eta topaketa-lekuak sustatu beharra dagoela, sozializazio-lekuak, bakardadeari aurre egiteko —aisialdiko jarduerak, kultur jarduerak, LGTBI errealitateak proiektatuko dituztenak—.

Lan-esparruari dagokionez, LGTBI pertsonak ikusarazteko eta duintzeko kanpainak egiteko premia planteatzen da, eta hautatze-prozesuetan eta laneko baldintzei dagokienean LGTBI pertsonen berdintasuna bermatzekoa.

Kirol-esparruei dagokienez, espazio matxista eta homofoboak direla hautematen dute. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-lana egin beharra dago maila guztietan: erabiltzaileak, zuzendaritzakoak, masajistak, entrenatzaileak…

Hezkuntzaren alorrean ere badago sentsibilizatzeko beharrik: Bullyinga ohikoa da LGTBI pertsonen hezkuntza-esperientzietan. Pertsona askok kontatzen dute arazoak izan dituztela LGTBI kolektibokoak izateagatik, eta babesik gabe sentitu izan direla arazo horien aurrean, ikastetxeak eta irakasleak ez direlako inplikatu.

Osasunaren arloan, galdetu zaien pertsonek uste dute profesionalek ez dutela beharko luketen prestakuntza LGTBI pertsonen berezitasunen aurrean behar bezala jokatzeko. LGTBI pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak zabaldu eta hobetu beharra dago, bereziki osasun mentalaren eta VIH prebentzioaren arlokoak.

“Asko dagoela egiteko, erakusten digute ondorioek. Bai erakundeek, bai Gasteizko gizarteak. Eta hori da gure konpromisoa. Aurrera egitea, Gasteiz bidezkoagoa, inklusiboagoa, homofobiarik eta transfobiarik gabea lortzeko”, nabarmendu du Jaione Aguirrek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos