https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunaren nondik-norakoak

LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunaren nondik-norakoak

Gizatalde honen aldeko lehendabiziko Harrotasun Eguna 1970ko ekainaren 28an ospatu zen AEBtan

UNAI SARRIUGARTE

LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo. Egun honek genero eta sexu aniztasuna ezagutzera ematea, kolektiboaren eskubideak aitortzea eta kolektiboak jasaten duen diskriminazioa gaitzestea du helburu. Baina, nondik ote dator LGTBI taldearen aldeko borroka hau?

LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka 1950eko hamarkadan hasi zen AEBtan, mugimendu homofiloaren bitartez. Edonola ere, garai hartako LGBTI elkarteek, autoritateari aurre egin beharrean, nahiago zuten onespena modu ordenatuan bilatzea.

1960ko hamarkadan mugimendu sozialek indar handia hartu zuten Estatu Batuetan: arrazismoaren aurkako borroka, Vietnamgo Gerraren aurkako mugimenduak etab. Hori zela bide, LGBTI taldearen aldeko aktibistek jarrera gero eta indartsuagoa izaten hasi ziren.

Urteak pasa ahala, mugimenduak gero eta indar gehiago hartu zuen arren, gizartearen onarpenik gabe jarraitzen zuen. Kontuak kontu, kolektiboa hainbat tabernatan biltzen hasi zen gatazkari aurre egiteko asmoz. Bilkura hauetako askotan poliziak mugimenduko jendea atxilotu egiten zuen desordena publikoa leporatuta.

60. hamarkadaren amaieran oso eztabaidatua izan zen 'Stonewalleko istilua'. 1969ko ekainaren 28an poliziak gizatalde honen aurka egindako sarekaden aurrean emandako erantzun bortitzari ematen zaion izena da hori. Ameriketako Estatu Batuetako LGBTI eskubideen aldeko borroka garaikidearen gertakari garrantzitsuenetarikotzat jotzen da, kolektibo honen askapenaren bidean emandako urrats garrantzitsua izan baitzen.

'Stonewalleko istiluak' gizartearen altxamendua ahalbidetu zuen. Hori zela medio, urtero ekaineko azken larunbatean New Yorken batzea erabaki zuten, Stonewallen gertatutako istiluen oroimenez manifestazio bat egiteko. Ekimenerako proposatu zuten izena 'Christopher Street Liberation Day' izan zen, istiluak gertatu ziren kalearen omenez.

Lehendabizikoa, 1970eko ekainaren 28an ospatu zuten. Bertan, LGTBI taldeko milaka pertsona batu ziren, gizatalde honen aldeko indar eta harrotasuna aldarrikatzeko asmoz. Horren ondorioz, 1978. urtean LGTBI bandera sortu zen. Ikur honek 8 kolore aurkezten ditu.

Harrotasun martxa hauek indar handia izan zuten nazioarte mailan eta beste hainbat herrialdetako hiriburuetara iritsi zen, Europara batez ere: Londres, Paris, Mendebaldeko Berlin edota Estokolmora. Londresen burutu zen lehendabiziko Europride-a 1992. urtean. 1994. urtean, berriz, Japoniako harrotasunaren lehenengo martxa egin zen Tokion.

Bestalde, 2003. urtean herrialde musulman batean egindako lehenengo harrotasun martxa ospatu zuten Istanbulen. Era berean, egun arte ezagutzen den LGTBI kolektiboaren aldeko manifestazio handiena Sao Paulon (Brasil) burutu zen 2011. urtean. Bertan, 3,5 milioi pertsona batu ziren.

Temas

Euskera