https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lezamak omenaldia egin dio Mikel Zarate idazle euskaldunari

Mikel Zarateren argazki bat./
Mikel Zarateren argazki bat.

Euskal idazle eta olerkariaren heriotzaren 40. urteurrena zela bide, omenaldi ederra jaso zuen asteartean udaletxeko Kultur Aretoan

UNAI SARRIUGARTE

Lezamak omenaldia egin zion pasa den asteartean Mikel Zarate idazle euskaldunari. Euskal idazle eta olerkariaren heriotzaren 40. urteurrena zela bide, omenaldi ederra jaso zuen udaletxeko Kultur Aretoan. Bertan, 120 ikus-entzule baino gehiago bildu ziren.

Pedro Mari Goikoetxea kazetari bizkaitarra arduratu zen ekitaldia zuzentzeaz. Omenaldian Lezamako idazlearekin zerikusi handia izan zuten arte, kultura, literatura eta politikako hainbat pertsona bildu ziren: Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura Sailburua, esaterako.

Goikoetxea lezamarra izateaz gainera, Mikel Zarateren ikasle izandakoa da, hortaz, olerkari bizkaitarra ondo ezagutzeko aukera izan zuen. Lezamako kazetariak Zaratek euskal kulturari egindako hainbat ekarpen garrantzitsu ekarri zituen gogora, eta, hitza omenaldiko beste parte hartzaileei eskaini aurretik, berarekin bizi izan zituen hainbat istorio kontatu zituen.

Goikoetxearen ostean, Lontzo Zugatzaga apaizak hartu zuen mikroaren lekukoa. Zarateren lagun mina eta olerkariarekin urte ezin hobeak igarotakoa, haren oroimenean bertso sorta bat abestu zuen. Ondoren, Adolfo Arejita euskal hizkuntzalari eta euskaltzainaren txanda izan zen. Arejitak olerkariak egin zituen ekarpenen inguruko hausnarketa bat egin zuen.

Hitzaldaren amaieran, Josi Sierra galdakoztarrak filmatutako '40 Mikel' dokumentala proiektatu zen. Dokumental hau Zaraterekin lotura zuzena izan zuten hainbat ikasle, lankide eta lagunei egindako 37 elkarrizketak osatzen dute.

Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, zuzeneko emanaldien txanda izan zen. Ekidazu Abesbatza lezamarrak 'Zure Begiak' abestia kantatu zuen. Bestalde, Juanjo Elezkano kantautore bizkaitarrak 'Txori Kantari' izeneko kanta abestu zuen Zarateren omenez oholtzatik. Ekitaldiaren amaiera, Natxo de Felipe Oskorri taldeko abeslariak eman zuen 'Aita Semeak' kanta abestuz. Izan ere, Zarate izan zen letra honen sortzailea.