https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lesbosen errefuxiatu eta ontzi kopuruak nabarmenki egin du gora azken asteotan

Lesbosen errefuxiatu eta ontzi kopuruak nabarmenki egin du gora azken asteotan
AFP

Zaporeak plataformak iragarri duenez poliziaren esku hartzeak egoeraren tentsioa larritzea eragin du uharte honetan

UNAI SARRIUGARTE

Azken astean 20 ontzi eta 745 pertsona iritsi dira Lesbosera (Grezia). Azken hiru urteotan Mediterraneoko uharte honetara aste baten buruan heldutako zifra handiena da hauxe. Urte honetako lehendabiziko zazpi hilabeteotan guztira 155 ontzi eta 4.676 pertsona iritsi dira Greziako irletara.

Gainera, Greziar eta Turkiar poliziek atxilotutako itsasontzi kopuruak ere nabarmenki egin du gora. Zaporeak proiektuko kideek gaineratu dutenez poliziaren esku hartzeak egoeraren tentsioa larritzea eragin du Lesbosen. Egoera hori dela bide, Gipuzkoako plataforma honen furgonetak erasoak jasan berri ditu pasa den asteburuan. Zaporeak erakundeko boluntarioak onik daude. Soilik kalte materialak jasan dituzte. Kontuak kontu, hainbat errefuxiatuk zaurituta amaitu zuten liskarren ondorioz.

Greziako uharte honetan lanean diharduten bolondresek salatu dutenez dagoeneko 10.000 lagun daude irlan harrapatuta, eta egoera honek okerrera egingo duela aurreikusten dute. Edonola ere, Zaporeak plataformak egunero 1.300 errazio banatzeko gai izaten jarraitzen du.

2016ko martxoaz geroztik Grezian dauden errefuxiatuei jaten ematen dihardu Zaporeak. Hiru urte hauetan 1.000.000 otordu baino gehiago banatu dituzte eta otorduak prestatzeko 500 boluntario baino gehiagoren laguntza izan dute. Gehienbat Chios eta Atenasen egon dira eta egun aipatu dugunez boluntarioak Lesbosen dabiltza.

Bestalde, 2011. urtean Etiopiako Zaporeak Proiektuari ekin zioten, Wukro herrian kokatua, euren lehen proiektua burutu zuten. Bertan Angel Olaran Aita Zuri hernaniarrarekin elkarlanean ari dira eta hiru oinarri ditu euren proiektuak: Ostalaritza eta Gastronomia Eskola bat martxan jartzea, Kontserba fabrika bat sortzea eta Gaztandegia hobetzea.