https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lekeitioko Garraitz uhartea parke arkeologiko izendatu dute

Lekeitioko Garraitz uhartea parke arkeologiko izendatu dute
Maika Salguero

Duela hilabete batzuk elkarlanean diharduten erakundeen zenbait ordezkarik uhartea bisitatu zuten, Garraitzen egoera eta balioa mahai gainean jartzeko helburuarekin

UNAI SARRIUGARTE

Lekeitioko Garraitz uhartea parke arkeologiko izendatu dute. San Nikolas izenagatik ezaguna den irlan egun arte aurkitu diren aztarna arkeologikoak Erdi Aroaren amaierako, aro modernoko eta garaikideko, garrantzi handiko egiturak dira.

Duela hilabete batzuk, elkarlanean diharduten erakundeen zenbait ordezkarik uhartea bisitatu zuten: Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Ibarra Euskara eta Kulturako Foru diputatua, Andoni Iturbe Amorebieta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia eta Atabaka, Aranzadi eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak bertan egon ziren. Bisita honek Garraitzen egoera eta balioa mahai gainean jartzea eta Parke Arkeologiko izendatzeko ardatzak zehaztea izan zuen helburu.

Garraitz Lekeitioko badiaren erdigunean kokatuta dagoen uhartea da, Lekeitioko udalerriaren aurrean eta Lea ibaiaren aldamenean. Egun udalerriaren eta euskal kostaldearen gune esanguratsuenetakoa da. Izan ere, aurkezten duen ondare natural eta kultural aberatsak euskal itasertzaren erreferente bilakatu du.

Lekeitioko udalerrian izurrite larriak zeudenean, gaixoak uhartera eramaten zituztela esan ohi da, gainerako bizilagunak ez kutsatzeko helburuarekin. Garraitzeko irlaren lurrak hainbat okupatzaileengatik kolonizatuak izan dira eta hauek arrasto bereziak utzi zituzten.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Lekeitioko Udalak eta Ataba Kultur Elkarteak garbiketa lan izugarria eta azterlan arkeologikoen aldeko hainbat kanpaina burutu dituzte azken urteotan. Ekimen hauek ikerketa, kontserbazioa eta elkarlana sustatzea dute xede.

2015. urtetik Garraitz irlan Kultura Ondarearen inguruko lau ikerketa-lanen kanpaina egiten dihardute. Lan horien ikuskapen arkeologikoa Alfredo Morazak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, zuzentzen du. Ikerketa-lan hauen bitartez uhartean aztarna ugari daudela egiaztatu da. Lan horiek guztiak herri-ekimenetik sortu den proiektu baten islada dira. Egitasmo honek Atabaka Kultura Elkartearen kideen laguntza du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Lekeitioko Udalaren babesarekin egiten da.