https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lekarozko Julen Arburuarena, gazta olinpikoa

Julen Arburuarena izan da irabazlea./J. M. López
Julen Arburuarena izan da irabazlea. / J. M. López

Ordiziako txapelketa irabazi duen gaztaren erdika bat San Sebastián Gastronomika kongresuak erosi du, 8.750 euroko prezioan. Urrian egingo duten kongresura eramango dute, ahalik eta jende gehienak dasta dezan

AMALIA IBARGUTXI

Ordiziako Azoka berezia izan da asteazken honetakoa. Urteroko Idiazabal gazta lehiaketa egin dute, eta gaztagileen podiuma osatu. 45. edizio honetan, 54 gazta aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Julen Arburua 26 urteko Lekarozko gaztea gailendu da, S.C. Kortaria gaztandegikoa. Duela pare bat aste ere bere gazta batek ibarazi zuen Nafarroako gazta onenaren saria Uharte Arakilen.

Gazta txapelketan parte hartutakoak ardi latxa edo karrantzako ardiarekin egindako gaztak dira. Bigarren Joseba Intxausti ordiziarra sailkatu da eta hirugarren, Unai Lekuona Araiarra. Laugarren postuan La Leze (Ilarduia) gelditu da, eta bosgarrenean, Olaberriko Aizpea.

Gaztagile finalisten taldea osatu dute honako hauek: Ordiziako Joseba Insausti Mujikak; Arbizuko S.C.A. Araña-Etayok; Iragi-Esteribarko Angel Linzoain Eugik; Legazpiko Aitor Mantxolak; Larreako Patxi López de Uralde Fernándezek; Eginoko S.A.T. Olanok; Ilardiako La Leze S.C.-k; Eulateko Ruiz de Larramendi Mujikak; Olaberriako Aizpea E. Z.-k; Araiako Aixtra S.C.-k; Lekarozko S.C. Kortariak; Araiako Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak; Beizamako Patxi Otaegi Labakak; eta Arruazuko Albi S. C.-k. Hamalau finalistok diploma bana eraman dute, eta hauxe izan da aurtengo Ordiziako lehiaketako berritasun handiena. Eta honetara, antolatzaileek artzain gehiagorengana nahi izan dute zabaldu aitortza.

Asteazkenean goizean goiz ekin zioten gazta-lehiaketaren inguruan antolatutako jardunaldiari. Goizeko 9.00etan hasi ziren trikitilari eta soinujoleak giroa berotzen, eta ohiko azoka osatzen duten postuez gain, beste 400 saltoki txikik ere bete zituzten plaza inguruak. 10.00etan, lehia hasi aurretik, Beti-Alai frontoira eraman zituzten lehiatu ziren gaztak.

Epaimahai zabala arduratu zen denak dastatu eta sailkatzeaz: Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Pedro Subijana, Elena Arzak, Ander González, Zigor Iturrieta, Juan Mari Arzak, Joxe Mari Goenaga zinema zuzendari ordiziarra eta Eusko Ikaskuntzako Xabier Alkorta , besteak beste.

8.000 euroko gazta erdika

Lehiaketa irabazi duen gaztak ez du bide osoa ibili oraindik. Izan ere, gazta horren erdika bat San Sebastián Gastronomika kongresuak erosi du, enkantean 8.750 euro ordainduta. Urrian egingo duten kongresura eramango dute, ahalik eta jende gehienak dasta dezan. Kongresuaren 20. urteurrena ospatzeko ekimenean emango dute dastatzera.

Iaz, Ordizian garaile gertatu zen Aiako Jose Luis Odriozolaren gaztaren erdiagatik 8.200 euro ordaindu zituen Carrefourrek. Aurrekoan, Okeletxe taldeak 8.000 euroko eskaintza egin zuen. 2015ean, Catalana Occidentek 7.600 euro ordaindu zituen eta 2014an, 13.050 euroan erosi zuen gazta irabazlea Ampo kooperatibak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos