Lehengora itzuli
Ilara harrigarriak ikusi ditut uda honetan. Ikusi ditut ohikoak direnak biderkatuak eta batez ere sekula ikusi gabeak. Adibidez, taberna batean sartzeko ilara luzeak, sartu, pintxo pare bat hartu eta berriz beste taberna batean sartzeko ilaran egoteko prest dauden pertsonak ikusi ditut.
Bakoitzak daki zertarako ilara egiteko prest dagoen. Pasatu ditut nik ordu luzeak, eguna argitu aurretik, kontzertu baterako sarrerak lortu nahian eta dudarik gabe aurretik pasatzen zenak ez zuen ulertzen zer egiten genuen han, ilunpean. Eta gutxienez kasu horretan bagenekien ze ordutan hasiko zen ilara gutxitzen.
Egia da oporretan zaudenean orduek beste abiada bat dutela eta taberna batera sartzeko ordu erdiko ilarak pisu gutxi duela kalean pasatuko dituzun orduekin alderatzen baduzu, eta zain zauden bitartean ere gauza asko egin dezakezula, sakelakoa begiratu, inguruan daudenak aztertu, haien hitzak entzun. Baina tira, ez esan tabernetarako ilarak harrigarriak ez direnik.
Gogoan ditut haurtzaroko ilara batzuk, denda batean eskasian zegoen zerbait salgai jartzen zutenean, adibidez, kafea. Baina uda honetan ikusitakoak beste mota batekoak dira, ez dira eskasiak sortutakoak, oparotasunaren eragina baizik. Oporretan kanpora joatea ez da aukera, betebeharra baizik eta ezin badugu atzerrira joan, bidaia laburra egingo dugu, baina bidaia eztabaidaezina da.
Ez digute oraindik esan nortzuk izan diren Bilbon edo Donostian pandemiaren harira ezarritako debekuak saltatu dituztenak, baina egingo nuke ez direla udatiarrak, ez direla kanpotik etorritakoak, bertakoak baizik, agian oporretan kanpora joaterik izan ez duten familietako kideak.
Arraroa, aurtengo uda, iazkoa bezain arraro. Ezagutu genuen mundua hor dago zain, agian itzuliko da. Edo oraindik ilara luzeak gainditu beharko ditugu lehengora itzultzeko.