https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

The Legendary Tigerman eta Thee Wylde Oscars taldeen boloa, ostiralean, HellDoradon

The Legendary Tigerman, berez, Paulo Furtado musikari portugaldarraren izen artistikoa da./HellDorado
The Legendary Tigerman, berez, Paulo Furtado musikari portugaldarraren izen artistikoa da. / HellDorado

Kontzertua 23:00etan hasiko da, baina aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte

PAUL PICADO

The Legendary Tigerman eta Thee Wylde Oscars taldeen kontzertua izango da ostiralean, maiatzaren 17an, Gasteizko HellDoradon. Aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte eta kontzertua ordubete beranduago hasiko da, 23:00etan. Sarrerak erosi nahi izanez gero, Interneten (17,50 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (19 euro) eros daitezke. Bazkideek 14 euro ordainduko dituzte.

The Legendary Tigerman, berez, Paulo Furtado musikari portugaldarraren izen artistikoa da. 80ko hamarkadan hasi zuen musika jarduera gitarrista eta konpositore gisa Tedio Boys taldean. Talde horrekin hiru bilduma kaleratu zituen 90eko hamarkadan. Gero, 1999an, taldea utzi eta Coimbra izeneko beste talde bat sortu zuen, baina aldi berean, The Legendary Tigerman taldea ere sortu zuen, bakarrik aritzeko.

2002. urtean lehen lana kaleratu zuen, eta horren ondoren beste hiru, baina 2009. urtean kaleratu zuen 'Femina' izeneko lana eta horrek eskaini zion ordura arte lortutako arrakastarik handiena. Emakumeei buruzko lana zen, eta gonbidatu berezi gisa, besteak beste, Asia Argento, Peaches, Lisa Kekaula, Becky Lee, Phoebe Killdeer, Cibelle eta Maria de Medeiros aritu ziren diskoan. Portugalen platinozko diskoa lortu zuen eta zenbait egunkari eta aldizkari garrantzitsuk urteko diskorik onenaren saria eman zioten. Iaz kaleratu zuen azken diskoa, 'Misfit' izenekoa eta dagoeneko seigarrena da. Aurreko lanetan bezala, rock and rolla darabil.

Bestalde, HellDoradon kontzertua eskainiko duen beste taldea, Thee Wylde Oscars, Australiakoa da. Musika estiloari dagokionez, garage eta rock and rolla erabiltzen dute, eta 60ko hamarkadako musikaren eragina hautematen da bere abestietan. Dagoeneko hiru lan kaleratu dituzte. Ez ezazu pentsa eta anima zaitez talde hauen boloez gozatzera. Merezi du!