https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lautik bat

Kataluniako hauteskundeek Espainiako egoera politikoan eragingo dute, zuzen-zuzen. Alderdi Popularra Ciudadanos-en hatsa sentitzen hasia da, eta PSOEk zein Podemos-ek euren labirintoetan galduta ematen dute, aspaldion ohi bezala

Lautik bat
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Ez da gutxietsi behar abenduaren 21ean Katalunian egindako bozetako emaitzek handik kanpoko indar joeretan izango duten oihartzuna. Ez bakarrik eskuineko alderdiei dagokienean. Euren burua ezkerrekotzat dutenek ere badutelako zer zuzendu, zer findu, dauden zulotik askatzeko. Ezin izan dituzte Rajoyren geldotasuna eta hankasartzeak baliatu alternatiba sendo bat abiarazteko, bestelako errezetak gizarteratzeko. PSC eta CatComú-Podem-en erdipurdiko emaitzak ez dira bakarrik barrura begira azaltzekoak, kanpoko faktoreekin ere estu lotzekoak baizik. Pultsu ahulekoak dira sektore politiko bi horiek gaur egun, barne zatiketen eta egitasmo trinko faltaren ondoriozko gaitzek jotakoak. Agertoki hori ezin hobea da PPrentzat, jakina; baina Inés Arrimadas-ek lortutako garaipena eta aldi berean García Albiol-ek pairatutako hondamendia paradigma berri baten atarikoak izan litezke euren alderdien arteko indar banaketari dagokionez.

Oso berea duen denboraren kudeaketaren ondorioz edo, Rajoyk ez du aparteko keinurik egin Katalunian jasandako porrotaren ostean. Ez gaizki egindakoak aitortzeko, ezta hango egoera politikoa bideratzen saiatzeko ere. Argi dago bere ildoko hautesle askok Ciudadanos lehenetsi dutela, irabazteko aukerak zituelako, eta horrek sinbolikoki balio handia zuelako. Botu baliagarria deitzen den horrek kalte handia egin die honakoan popularrei, horren eraginez zein partehartze eta mobilizazio handiagoarenaz baino ezin baita azaldu alderdi laranjaren garaipena. Muturreko egoeretan gizarteak polarizatu egin ohi dira, eta batera edo bestera jotzen dutenek benetakoen eta eraginkorren irizten dituztenen alde jotzen dute. Alde horretatik, Albert Rivera izan da independentismoari aurre egiten gogorrena, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko modu esku hartzaileena bultzatu duena. Eta, horrek, Espainiarekiko loturak sutsuen defenditzen dituen Kataluniako gizartearen zatian etekinak eman dizkio, muga-mugako erreakzio modura ekin diolako, independentziaren aldekoentzat mingarrien uste zutena indartu nahi izan duelako. García Albiol ez da, preseski, azal fineko diplomazialaria; baina, askoren begietara, Gobernuko presidentearen mandatari soil gisa ekin dio, zalantzaz betetako estrategiaren peoi modura.

Rajoy euste hutsean ari da aspalditik. Egoera ekonomikoak hobera egitea errentagarri izango zaion itxaropenari heldu dio, besterik ezean. Bestelakoetan ahalik eta gutxien mugitzen saiatzen da, Kongresuan duen ahultasunetik sakoneko auziei aurre egitea mesedegarri barik kaltegarri izango zaiolakoan. Baina, horren erruz, arazo askori kiratsa darie gero eta nabarmenago. Estatuaren lurralde egiturari eta, horrekin batera, Kataluniako zein Euskadiko autogobernu esparruei irtenbide ausartak eman behar zaizkie, eta hori ez da sekula koldarkeria politikotik ahalbidetuko. Konstituzioaren erreforma izoztuta dago, Katalunian elkarrizketak berak ere urrun ematen du eta Euskadin estatus berriari begirako proposamenak egiten barik mugak aurreikusi eta azpimarratzen baino ez dabil PP. Trantsizioko eredua eguneratzeko —are gutxiago, gainditzeko— inolako asmorik ez dute popularrek, garaiz kanpo zaharrari etsi-etsita eusteak dituen arriskuak perspektiba historikoz ondo neurtu gabe.

Horren aurrean, Ciudadanos-en bide-orria ezin sinpleagoa da, berri itxurakoa bai baina ezin zaharragoa. Herritarren arteko berdintasuna helburu uniformizatzaile oso jakin batzuetarako aitzakia gisa erabilita, eredu autonomikoa bera ere gehiegizko iruditzen zaio eta hezkuntzarenean zein beste zenbait arlotan birzentralizazio prozesu bat aldarrikatzen du. Ariketa demagogiko honen azken helburuen artekoak dira foru lurraldeak, besteak beste, Riverak eta ingurukoek Kontzertua eta Komenioa ere pribilegiotzat begiz jota dituztelako. Rajoyri, batetik, honelakoak ondo datozkio aurrera begirako erreformez gain atzera begirakoak ere bistaratzen dituztelako; eta, hala, bere burua egonkortasunaren balantzaren orratz modura ager dezakeelako. Baina, aldi berean, nazio izaerako erkidegoen eskaeren aurka elikatzen dituen estrategiek bera ere irentsi dezateke epe ertain-luzera, eredu autonomikoa bere osotasunean zalantzan jartzea ñabardurak landu eta berezitasunak ulertaraztea baino dezente errazagoa delako.

Eta zein da horri guztiari aurre egin eta bestelako dinamikak ahalbidetzeko alternatiba? Ba, ez dago. Bere itzuleran, Pedro Sánchez-ek ez du lortu esloganetatik haratago joatea, borondate oneko esaldiak edukiz janztea. Hamaikatxo aldiz errepikatu du nazio ezberdinez osatutakoa dela Estatua; baina, baldin baditu, inork ez daki zehatz zein ondorio politiko dituen horrek. Eta egitura federalaren aldeko aldarrikapenak nola gauzatu ere ez da xehe azaldu. 155. artikulua indarrean jartzeko Rajoyri ia oparitutako babesa funtsean haren estrategia osoari emandakoa ere bada neurri batean, tartean urteetan elkarrizketa ez baliatzekoari. Horregatik egin du huts Miquel Icetak Katalunian, borondate oneko bere keinuak kontraesanez eta mamirik gabeko proposamenez betetakoak izan direlako, tarteko bide bat erakargarri egiteko sinesgarritasuna eta argitasuna funtsezkoak direlako. Hori berori gerta dakioke Sánchez-i, hasierako bere aldeko olatua baretu ostean: zehazgabetasunean ito daitekeela, nahi eta ezinean. Susana Díaz-engandik bereizteko ez dira nahikoak iraganeko laidoak eta ezinikusiak. Lurralde arazoari gaur egungo irtenbideak eman behar zaizkio, ez duela lau hamarkadakoetan ezkutatu.

Sozialistak ez dira gauza izan alternatiba landu bat osatzeko, ez bakarka eta ezta Podemos-en eskutik ere. Azken honekikoa ez da harritzekoa dena den, Pablo Iglesias-ek Iñigo Errejón eta honen jarraitzaileak baztertu zituenetik moreen ibilbidea gero eta antzuagoa delako, kalapita berez jomuga bihurtzekoa. Sektarismoa ez da kanpora begirakoa bakarrik, gainera. Barrukoei ere horrekin erantzun izan zaie askotan. Katalunian CatComú-Podem-en eskaintza lausoak ez zuen eskaera handirik jaso, independentziaren inguruan muturtutako eztabaidan ezezkoarekin lerrotutakoak direlako eta barne demokraziari dagozkienetan beste edozeinen pareko direla erakutsi dutelako, besteak beste.

Espainiako bizitza politikoko egungo ezaugarrietakoa paralisia da. Muineko arazoei dagokienean zein ekoizpen legegilearen aldetik. Ohikoaren kudeaketara mugatzen da botere exekutiboaren jarduna, oposizioko hiru alderdi nagusien ezintasunak eta gabeziak lagun dituela. Bi ziren lehen, lau dira orain. Baina, hainbat arrazoi tarteko, horrek ez du dinamika berri eta benetan onbideragarririk ekarri. Eta bada horretarako sasoia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos