https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Laudioko musika-bandak 'Urte berriko kontzertua' emango du igandean Done Petri elizan

Kontzertua 19:00etan hasiko da eta 7 lan joko ditu

PAUL PICADO

Musika klasikoaz gozatzeko aukera izango dugu igande honetan Laudioko Done Petri elizan, izan ere, Laudioko musika-bandak, urtero bezala, urte berriko kontzertua emango du, 19:00etan. Egitarauaren barruan zazpi lan joko ditu: Mussorgskyren 'Kieveko ate handia'; Johan Straussen 'Perpetuum mobile', 'Hegoaldeko arrosak', 'Tritsch-Tratsch', 'Saguzarra' eta 'Danubio urdin ederra' eta Edward Elgarren «Pomp&Circunstance».

Hartmann bere lagunak egindako koadro-erakusketa batean oinarrituz, Mussorgskyk 'Erakusketa bateko koadroak' musika-lana egin zuen. Erakusketa hori hamar koadroz osatuta zegoen, eta koadro bakoitzarekin lan bat prestatu zuen Mussorgskyk, musikaren bidez adieraziz. 'Kieveko ate handia' koadro horietatik hamargarrena da, eta Mussorgskyk Errusiako kanpaien hots imitatzen du.

Johan Straussen lanei dagokienez, 'Perpetuum mobile' 1861. urtean idatzi zuen. Urte horretan, musika eta dantza bateratzen ziren 'Vienako dantzaldi handia' ekitaldia iragarri zuten Austriako hiriburuan, eta horretan oinarritu zen Strauss lan hori egiteko. Bestalde, 'Hegoaldeko arrosak' vals bat da eta 1880. urtean konposatu zuen, Das Spitzentuch der Königin operetatik ateratako lanekin. 'Tritsch-Tratsch' polka bat da. Berez, ezizen bat da, eta garai hartako Vienako bizilagunei deitzeko erabiltzen zuten, gauzak asmatzeko eta zurrumurruak zabaltzeko joera zutelako. 'Saguzarra' opereta bat da, eta Vienan krisi ekonomiko larria zegoenean estreinatu zuten. Joko duten Straussen azken lana, 'Danubio urdin ederra' ezaguna da. Vals bat ere bada eta jatorriz, gizonezkoen abesbatza eta orkestra baterako konposatu zuten.

Azkenik, Edward Elgarren 'Pomp&Circunstance' martxa bat da, eta orkestrarako konposatutako bost martxa dira. Ezagunena lehenengoa da, hots kontzertuan joko dutena, eta 1901. urtean estreinatu zuten Londresen.

Temas

Euskera