Borrar

Lasarteko atean bidegorri berria egingo dela iragarri du alkateak

Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera bitartean, ia Mendizorrotzeraino

i.agote

Domingo, 3 de septiembre 2017, 23:06

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Udalak Lasarteko atean —Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera bitartean, ia Mendizorrotzeraino— bizikletentzako bide bat eraikitzeko 137.036,59 euro inbertituko dituela iragarri du gaur goizean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratazio-dosierra, eta bi hilabeteko epean egingo dira, esleitzen direnetik. Esku-hartze horren bitartez, bizikletentzako bide jarraitu eta seguruen sarea garatzen segituko du Gasteizko Udalak, eta bizikletaren erabilera sustatzen, hiri-garraiobide iraunkor gisa. Gaur egun, 158 kilometro inguru osatzen dute Arabako hiriburuko bizikletentzako bideek —bidegorriak, pedalak dituzten ibilgailuak ibil daitezkeen espaloiak, pistak, zidorrak eta bizikletek tranbiarekin edo autobusekin nahiz ibilgailu motordunen trafikoarekin eta oinezkoekin partekatzen dituzten bideak batzen direlarik—.

Lasarteko ateko bidegorri berria interes berezikotzat jotzen da, alkateak adierazi duenez; izan ere, “bizikleta ugari ibili ohi da tarte horretan, eta leku berezia da. Hiriaren iparraldea Mendizorrotzeko igerilekuekin eta Estadioarekin lotzen baitu, eta Mendizorrotzeko futbol-zelaiarekin, Lasarteko institutuarekin, Olabide ikastolarekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin”. Gaur egun, Lasarteko ateko tarte hori, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera artekoa, estua da, kalearen alde horretan Gure Txokoa eraikinaren lursailaren mugek hautsi egiten baitute lerrokadura, eta etena sortzen, bizikletentzat beste aldean dagoen bidegorri zaharkituan. Bestalde, Sabaterrabiden, Lasarteko atearen eta Amadeo García de Salazar plazaren artean, ez dago bizikletentzako biderik, Mendizorrotzera aldera.

Egoera hori aldatzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi noranzko izango dituen bizikletentzako bidea proiektatu du, 2,20 eta 3 metro arteko zabalera aldakorra izango duena, zati bat galtzadan kokatua eta beste bat espaloian, betiere zintarriaren ondoan, zein Gure Txokoaren lursailaren ondotik joango baita. Horretarako, atzera eramango da lursailaren itxitura, eta zolatu egingo da libre geratzen den lekua. Era berean, Lasarteko atearen mendebaldean dagoen aparkaleku-lerroa ekialdera aldatuko da. Bidegorri berria egiteko lekua uzteko aukera emango du horrek. Salbaterrabiden, berriz, aparkaleku batzuk kenduko dira, bizikletentzako bideak modu naturalean jarrai dezan Mendizorrotzeraino. “Galtzadako bidegurutzeak seguruago egiteko ere hainbat neurri hartu dira, hala nola tarteko babeslekuak jartzea, eta bidegurutze horiek oinezkoentzako pasabideen ondotik egitea. Halako pasabide berri bat ere egingo da”. Farolak eta hustubideak ere mugituko dira, oztopoak kentzeko. Era berean, Gure Txokoaren lursaileko hormatxoaren ordez antzeko beste bat jarri beharko da, baina taxuketa berriaren arabera lerrokatua.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios