https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Langileen eta bezeroen artean euskararen erabilera sustatzeko Baigare euskarria sortu dute

Okin batek ogi barra ematen dio bezeroari, euskaraz./Igor Aizpuru
Okin batek ogi barra ematen dio bezeroari, euskaraz. / Igor Aizpuru

Euskarri hori, zerbitzuak eskaintzen dituzten Arabako arlo profesionalentzat da nagusiki

PAUL PICADO

Araban mahaigainerako Baigare izeneko euskarria atera dute harrera-lekuetan jartzeko. Horren helburua, langileen eta bezeroen artean euskararen erabilera sustatzea da. Horrela, bezeroek hasieratik jakin dezakete euskaraz hitz egin dezaketela. Bestalde, langileek laguntza-atal bat dute, euskararen gainean duten ezagutzaren araberakoa.

Esan bezala, euskararen erabilera sustatzea da euskarri honen xedea, bai arlo sozioekonomikoan, bai lan-arloan. Berez, zerbitzuak euskaraz eskaintzeko tresna erabilgarria da, eta zerbitzuak eskaintzen dituzten arlo profesionalentzat batik bat da, hala nola harrera-lekuetan, administrazioan, gizarte- eta kultura-zerbitzuetan, osasun arloan, merkataritzan, ostalaritzan eta beste hainbat lekuetan.

Baigare euskarriak langileentzat zuzendutako informazioa ere badu, haien ezagutza mailara egokituta. Horri esker, bezeroari zerbitzu hobea eskaini ahalko diote, eta bezeroak euskaraz hitz egin dezakeen jakingo du beti. Langileek duten euskara-mailaren arabera hiru kategoria ezarri dira, izan ere, langile guztiek ez du ezagutza-maila bera eta bezeroak hori ere jakin behar du. Hauek dira hiru kategoria horiek: lehenengoa, oinarrizkoa, euskara ikasten ari den langilearentzat; bigarrena, ertaina, euskaraz hitz egiten badiote ulertzen duen, baina oraindik euskaraz hitz egiteko oso trebea ez den langilearentzat, eta hirugarrena, aurreratua, euskaraz hitz egin dezakeen langilearentzat.

Langileak oinarrizko maila badu, bezeroak 'Euskara ikasten ari naiz' idazkia ikusiko du euskarrian; maila ertaina badu, 'Euskaraz egiten badidazu, ulertuko dizut', eta maila aurreratua badu, 'Euskaraz egingo al dugu?'.

Arabako zenbait enpresari bidaliko zaizkie euskarria, baina enpresaren batek gehiago nahi badu, edo beste enpresa batzuek eskatu nahi badute, mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: jakinbai@jakinbai.eus. Bestela, hemen sakatuz ere eska dezakete.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos