https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Landare Ehunen in Vitro Hazkuntzako Espainiako Elkartearen XIII. bilkura izango da Gasteizen

Landare Ehunen in Vitro Hazkuntzako Espainiako Elkartearen XIII. bilkura izango da Gasteizen

'Landare ehun eta zelulen hazkuntzaren erronkak bioekonomiaren aroan' lelopean, irailaren 11tik 13ra egingo da

EL CORREO

Landare Ehunen in vitro Hazkuntzako Espainiako Elkarteak (SECIVTV) eta NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak 'SECIVTVren XIII. bilkura' antolatu dute, Gasteizko Villasuso jauregian, irailaren 11tik 13ra. 'Landare ehun eta zelulen hazkuntzaren erronkak bioekonomiaren aroan' lemapean, nazioarteko zientzialariek landare espezieen in vitro hazkuntzaren ikerketaren inguruko gairik berrienak landuko dituzte.

SECIVTV 1992an sortu zen elkarte zientifiko bat da, «landare zelula, organo eta ehunen in vitro hazkuntzaren garapena sustatzea, eta bilkura zientifikoak eta bestelakoak antolatzea bilatzen duena, zientziaren alor horretan interesa duten persona guztien arteko harremanak ezartzeko eta mantentzeko». Halaber, sortzeko arrazoietako bat izan zen Espainian gero eta talde gehiago dagoela in vitro hazkuntza lantzen dutenak.

Gaur egun, 120 bazkide baino gehiago ditu, horien artean egonik Unibertsitate eta Ikerketako Erakunde Publikoetako ikertzaileak zein enpresa pribatuetako teknikariak. Landare Ehunen in vitro Hazkuntzako Espainiako Elkartearen jardueren artean daude in vitro hazkuntzaren inguruko oinarrizko azterketak eta horiek nekazaritzan eta ingurumenaren kontserbazioan duten aplikazioa deskubritzea.

Bilkura bi urtean behin egiten da, eta landaren ehun eta zelulen hazkuntzaren arloko ikertzaile nazionalak eta internazionalak elkartuko ditu. Hiru egunez, biltzarrean landareen in vitro hazkuntzaren inguruko gaurkotasunezko gaiak landuko dituzte, hitzaldi magistralen, ponentzia gonbidatuen eta ahozko saioen bitartez. Antolatzaileen arabera, biltzarrak in vitro hazkuntzaren inguruko arlo desberdinetako adituak elkartuko ditu: -omikak, hobekuntza genetikoa eta epigenetikoa, organogenesia eta enbriogenesi somatikoa eta baliabide genetikoen kontserbazioa. Eta gainera, 'laborategitik enpresara' izeneko saioan, hainbat estrategia aipatuko dira ikerketa laborategietan garatutako prozedurak eskalatzeko.

Gauzak horrela, Gasteizeko hitzorduan aurreikusita dago Espainia, Europa eta Amerikako ikertzaileak elkartuko direla. NEIKER-Tecnalia aukeratu dute hitzordua antolatzeko, basoko espezieen ehunen in vitro hazkuntzan duen esperientzia zabalagatik eta nazioartean duen ospeagatik ere bai. Informazio gehiago nahi baduzu hemen sakatu.

Temas

Euskera