https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lanberri laguntzak eskatzeko epea jada zabalik dago

Lanberri laguntzak eskatzeko epea jada zabalik dago

Aurtengo programaren aurrekontua 3,57 milioi eurokoa da

UNAI SARRIUGARTE

Lan egiteko Lanberri laguntzak eskatzeko epea jada zabalik dago. Diru laguntza hauek zailtasunak dituzten pertsonen enplegarritasuna sustatzea dute helburu. Erakundeek maiatzaren 6tik 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak; kontrataziorako laguntzen kasuan, berriz, maiatzaren 6tik irailaren 13ra arteko epea izango dute enpresek. Aurtengo programaren aurrekontua 3,57 milioi eurokoa da.

Programaren ardatz nagusia lan bat aurkitzeko zailtasunak dituzten pertsonak dira: 45 urtetik gorakoak, denbora luzea langabezian dihardutenak, gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak edota gutxienez %33ko desgaitasuna aurkezten duten pertsonak dira proiektu honen helburu nagusia.

Halaber, programa honek hiru esparru lantzen ditu: batetik, ibilbide pertsonalizatuak: orientazioa, talde-prestakuntza, bitartekaritza eta laneratzea; bestetik, prestakuntza ematea zenbait gaitasunetan (pertsonalak, harreman eta antolaketarako gaitasunak eta teknikoak; azkenik, jendearen kontrataziorako eskainitako laguntzak.

Lehen eta bigarren jarduketa-esparruetako diru-laguntzak fundazioek, irabazi asmorik gabeko erakundeek, udalek, enpresa publikoek eta enpleguko eta toki garapeneko zentroek eskatu ditzakete. Horretarako, eskatzaileek hiru urteko esperientzia izan behar dute laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen laneratzearen aldeko beharrean. Erakunde bakoitzak, gehienez, 100.000 euroko diru-laguntza jasoko du ibilbide pertsonalizatuaren kasuan. Gaitasunen arloko prestakuntzarako, berriz, 30.000 euro gehienez.

Ibilbide pertsonalizatuak laneratzeko egitasmo berezi baten bidez burutuko dira. Egitasmo honek zerbitzu bereziak eskainiko ditu: aurrez aurreko orientazioa, taldekoa edota norbanakoa; talde-prestakuntza, bitartekaritza eta laneratzea.

Bestalde, gaitasunen arloko prestakuntzaren esparruan, 10 eta 60 ordu bitarteko ekintzak burutuko dira. Hauek prestakuntzaren bidez landuko diren zenbait gaitasun dira: pertsonalak, harreman eta antolaketarako gaitasunak edota gaitasun teknikoak.

Azkenik, jendearen kontrataziorako eskainitako diru-laguntzak ditugu. Esparru honetako laguntzak elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskatu ahal izango dituzte.

Edonola ere, baldintza txiki batzuk bete beharko dituzte: plantillan 250 pertsona baino gutxiago izatea eta gutxienez 6 hilabeteko kontratuak burutzea laneratzeko zailtasunak aurkezten dituzten eta langabezian diharduten pertsonei. Erakunde edota enpresa bakoitzak 70.000 euro arteko diru-laguntza jasotzeko aukera izango du.

Temas

Euskera