https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lagus/Lagos herrixkaren historia azaltzeko interpretazio panelak jarri dituzte Caicedo-Yusoko aintziran

Helburua aintzira horretan aurkitutako herrixkaren historia nabarmentzea da

PAUL PICADO

Caicedo-Yusoko aintzira Arabako Natura 2000 Sareko naturagunea da, eta han, parking berria eraikitzeko lanak hasi zituztenean Lagus/Lagos izeneko antzinako herrixkaren hondar arkeologikoak agertu ziren. Hondar horiek, Brontze Aroko eta Erdi Aroko lekukoak dira.

Aintzira, berez, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Añanako Diapiroaren Biotopo Babestua da, eta babestuta dauden zenbait flora eta fauna espezie ditu, esaterako, odono bitxia, txitxi-burruntzia, desagertuta edo gainbehera handian dagoena Europa gehienean, eta ophioglossum iratzeaz, desagertzen arriskuan dauden espezieen katalogoaren barruan dagoena.

Interpretazio panel horiekin aintzira horretan aurkitutako herrixkaren historia nabarmendu behar da. Hor, Lagus/Lagos herrixkaren iragana azaltzen da, eta irudien bidez eguneroko bizimodua nolakoa zen, zer motatako eraikuntzak ziren, eta Brontze Aroko txabolak azaltzen dira, izan ere, haien hondarrak ere agertu dira indusketa arkeologikoetan.

Herrixkaren idatzizko lehen lekukotasuna 1.025. urtekoa da, Donemiliagako Errexa gisa ezagutzen den 1.025. urteko dokumentu batean Lagus agertzen baitzen, Donemiliaga Kukullako monasteriori golde-mutur bat ordaindu ziolako zerga gisa. Baina indusketen ondoren, mende bat aurretik ere bazegoela jakin da.

Antza, XV. mendera arte kontzejua izan zen, eta XVI. mendearen erdialdean dagoeneko ez zen biztanlerik geratzen. Interpretazio-paneletan jasotzen denez, herrixka desagertzean aintziraren kondaira bat sortu zen: Ama Birjina eskalez jantzita agertu zen herriko bentaren aurrean, eta gaitzetsi zutenez, aintzirak herrixka irentsi zuen, behartsuari laguntza ukatzeagatik.

Temas

Euskera