https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kulturen kalejirak Sanfermin anitzak aldarrikatuko ditu

Kulturen kalejira eta 'Aniztasuna kolore bizian' ikuskizuna Udaletxe plazatik abiatuko dira, 18.00etan./Gabriel Villamil
Kulturen kalejira eta 'Aniztasuna kolore bizian' ikuskizuna Udaletxe plazatik abiatuko dira, 18.00etan. / Gabriel Villamil

Guztira 67 elkarte bilduko dira aurten Iruñean, 1.300 lagun baino gehiago, jatorrizko kulturetako jantziak edo sanferminetako ohiko arropa zuri-gorriak jantzita kalejira egiteko

AMALIA IBARGUTXI

Sanferminetako kulturen kalejira handia izango da. Bikoiztu egin da parte-hartzaile kopurua, eta guztira 67 elkarte bilduko dira aurten, 1.300 lagun baino gehiago direnak guztira. Larunbatean egingo dute kalejira, festen amaiera aldera.

Kulturen kalejira eta 'Aniztasuna kolore bizian' ikuskizuna Udaletxe plazatik abiatuko dira, 18.00etan. Kalejiran parte hartuko dute,  kultur aniztasunaren esparruan lan egiten duten zenbait entitatez gain, Iruñeko hainbat komunitateko kideek, hala nola Peru, Senegal, Bolivia, Venezuela, Argentina, Kolonbia, Nikaragua, Bulgaria, Ekuador, Ukraina, Mali eta Nigeriakoek eta Ijitoen Komunitateak.

Udaleko Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrak eta Gizarte Ekintzako Alorrak antolatu dute desfilea, parte hartuko duten entitateekin elkarlanean. Kalejirako partaideek beren jatorrizko kulturetako jantziak edo sanferminetako ohiko arropa zuri-gorriak jantziko dituzte «herritarrak ikusle ez ezik beren jarduera propioen eragile izan daitezen».

Hiriko kultur aniztasuna islatzea da kalejiraren asmoa, bertako kolektibo eta kultura desberdinak ikusaraziz «pertsona guztien eskubide-berdintasuna defendatzeko, jatorria edozein delarik ere». Era berean, asmoa da diskriminazio, arrazakeria eta xenofobiaren aurka diharduten kolektiboetan aritzen direnen parte-hartzea sustatzea, eta aniztasuna azpimarratzea hiriko festetan».

Ekimenaren aurkezpenean udal-ordezkariak nabarmendu zutenez,  'Aniztasuna kolore bizian' desfilea Udaletxe plazan hasiko da, eta ibilbide honi jarraituko dio: Mercaderes eta Txapitela kaleak; Gazteluko plaza; Sarasate Pasealekua; Comedias, Pozo Blanco eta Zapatería kaleak; Kontseiluko eta San Frantzisko plazak. Bertara iritsita, ordu erdiko dantza-erakustaldia egongo da, hainbat kolektiboren eskutik. Ondoren, Hilarión Eslava, Jarauta, San Lorentzo eta Kale Nagusitik igaroko da, eta Udaletxe plazan bukatuko.

Ibilbide amaieran 'Paris 365' elkarteak prestatuko 1.000 mazedonia errazio banatuko dituzte partaide eta bertaratutakoen artean, aniztasunean elkarrekin bizitzeko errespetuzko ereduaren sinbolo gastronomiko gisa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos