https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kulturak 175.000 eurora igo du kanpoko proiektuetarako diru-laguntza

Hiru hiriburuetako antzokiek “Antzerkigintza Berriak” izeneko dramaturgia eta sorkuntza laborategiaren hirugarren edizioa antolatu dute

I.AGOTE

Tokiko Gobernu Batzarrak 2018an egingo diren kultur proiektu, ekitaldi eta sendotutako jaialdietarako diru-laguntzen deialdia eta hori arautuko duten berariazko oinarriak onetsi zituen joan den ostiralean. Deialdiak herritarrei zuzendutako ekimen irekiei laguntzea du xede, kulturaren arloko sustapena, sorkuntza, prestakuntza eta zabalkundea xede dutelarik udal jarduera osatzen badute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantók gaur aurkeztu du prentsaurrekoan: «kultur arloko agenteekin hartutako konpromisoetako bat da laguntza ematea esperientzia berriak lantzeko, edo lehendik dauden eta funtzionatzen dutenei jarraipena emateko. Hori dela eta, iaz 100.000 eurotik 150.000 eurora igotzearen aldeko apustua egin genuen, eta orain 25.000 gehiago igoko dugu, diru-laguntza bidezko proiektuen lehia-sistema hobea dela uste baitugu, ez baita bulegoetan egiten, irizpide objektiboei jarraiki baizik. Beraz, uste dugu partida honek nahikoa zuzkidura izan behar duela guztientzat heltzerik izan dadin».

Iazko berrikuntzari jarraiki, diru-laguntzetarako bi kontzeptuak mantendu dira. Lehenak hirian erreferente diren edo bertan kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak hartzen ditu barne, edozein alorretakoak direlarik ere. Iaz 24 proiektuk jaso zuten laguntza. Aurten 145.000 euroko zuzkidura izango du.

Berrikuntzarik ere badu aurtengo deialdiak: proiektu bakoitzak lortutako puntuen arabera izan dezakeen gehieneko laguntza 12.000 eurokoa izatea, esaterako (2017an 10.000 euro ziren gehienez).

Hau da, puntuazioaren araberako diru-tarteak ezarri dira:

-80 puntutik gorakoa: 10.000 eta 12.000 euro bitartean

-60 eta 80 puntu artekoa: 5.000 eta 10.000 euro bitartean

-50 eta 60 puntu artekoa: 1.000 eta 5.000 euro bitartean

«Honekin jaialdi egonkor eta sendotuenek gutxieneko kopuru egonkorra izaten lagunduko dela uste dugu» nabarmendu du Cantok.

Bestalde, balioespen-irizpideen alorreko berrikuntzak ere izan dira, eta antolatzailea baino gehiago balioetsiko da proiektua bera. «Horrenbestez, sortzen ari diren kultur eragileek ere har dezakete parte» adierazi du kultur arduradunak.

Bigarren kontzeptuak dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasunaren sustapenera, bizitza kulturala bultzatzera eta antzekoetara bideratutako jarduera eta programak hartzen ditu barne. iaz 15 proiekturi eman zitzaien laguntza, eta aurten ere 30.000 euroko zuzkidura izango du.

Antzerkigintza berriak

Gobernu Batzarrak gure Antzoki Sarearen eta Victoria Eugenia eta Arriaga antzokien arteko lankidetza-hitzarmen berria onetsi zuen, “Antzerkigintza Berriak” dramaturgia eta sorkuntza garaikideko laborategiaren proiektuaren III. ediziorako.

Deialdiaren bidez hainbat egile hautatuko dira antzezlan bat sor dezaten, lau hilabetez (otsailetik apirilera) arte eszenikoen profesionalen gidaritzapean egingo den prozesuan; parte hartzen duten hiru antzokietan laborategiak egingo dira horretarako.

Aurrez aurreko topaketak martxoaren 20an eta 21ean Gasteizen, apirilaren 23an eta 24an Bilbon eta maiatzaren 21ean eta 22an Donostian izango dira

Zortzi hautatuek 3.300 euroko diru-laguntza izango dute, proiektuari eskainitako dedikazioa zein laborategietako dietak konpentsatzeko. Sortutako lanen artetik bat, bi edo hiru hautatuko dira agertokira eramateko, antzokiek batera ekoitzita, eta espazio, azpiegitura, langileak eta material teknikoa utziko zaie.

«Gure helburua ez da beste lurralde batzuekin alderatzea, baizik eta lankidetzaren bidezko sinergia izatea. Gasteizen kultura propioa sortzea, elkarrekin eta lankidetzaren bitartez, euskal kultura garaikide indartsu, dinamiko, heterogeneo, ireki eta integratzailea sortzen laguntzea» adierazi du Estibaliz Cantok.

2017ko edizioari dagokionez, zortzi parte-hartzaileen arteko bi proposamen hautatu ziren, eta orain ekoizpen aurreko prozesuan murgilduta daude, 2018ko azken hiruhilekoan aurkezteko.

-Kepa Errasteren “Erlauntza”, hiru antzokien eta Vaiven Teatroren arteko ekoizpena, Mireia Gabilondok zuzenduta.

-Tamara Gutierrezen “Galerna”. Proposamen abangoardistago hau hiru antzokien artean gauzatuko da, eta, berrikuntza gisa Madrileko Pavón Teatro Kamikaze antzokiaren lankidetza izango du. Ekoizpen hau ere urte amaiera ikusi ahalko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos