https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kultura salbatzen

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Poz handia hartzen dugu argitaletxe zein liburu-denda berri bat sortzen denean, baita literaturari buruzko saio edo gune berri bat jaiotzen denean ere. Pentsatu nahi izaten dugu kimu berriak ateratzen ari zaizkiola zuhaitzari, zerbait mugitzen ari dela, kultura gauza bizia dela, etengabe irakiten ari dena. Txalotu ere txalotzen ditugu halako ekimenak, eta publikoki hauspotu, batez ere sare sozialen bidez, nahiz gure barruan, uste baino maizago, badagoen senezko ahots maltzur samar bat (edo errealista, nahi baduzue), esaten duena: «Iraungo al du? Noiz arte?». Erabat zilegia eta ulergarria da horrelako zalantzak edukitzea, baina eremu pribaturako gorde ohi ditugu nagusiki. Krisiak gogor eragin dio kulturaren sektoreari, eta, labur esanda, askoz diru gutxiago dago gauzak egiteko. Nolanahi ere, arestian aipatutakoak, ekimen berriak, ospakizunerako motibo dira, eta etxafuegoak botatzeko lain ez bada ere, suspergarria da horrelako albisteak entzutea edo irakurtzea. Dena den, adibide positiboekin hasi naiz, baina, ezinbestean, negatiboak ere aipatu behar, eta ezagun ditugu horietako zenbait. ‘Sautrela’ itxi zuten, eta ez ziren gutxi izan kexak eta orroak. ‘Lizardiren baratza’ bertan behera geratu da; hor ez da horrenbeste kexa eta orro entzun. ‘Edo!’ argitaletxeak ezin izan du aurrera egin, eta apaltasunez eta duintasunez amaitu du bere ibilbidea, zarata gutxiren erdian. Donostiako Gros auzoan zegoen ‘Garoa’ liburu-dendak ateak itxi zituen orain urte pare bat. Hor bai entzun ziren pena eta tristurazko adierazpenak. Eta irudipena dut kultura espezialista dela horrelakoetan, beti krisian, garai larrien pean bizi baita. Zenbat aldiz hil ote da poesia edo nobela edo… Edo hil nahi izan dituzte biak ala biak, sarritan hiltzaileek berek sona edo oihartzuna eskuratze hutsagatik.

Halako itxiera edo jardun-eteteren aurrean, berri txarrak izaki, eskuak zerura eramaten ditugu, baita ukabilak estutu ere, eta inoiz ere arropak urratu… Greziar tragediak irakurri dituenak ondo baino hobeto egiten daki hori, baina jada ez da erraza topatzea Edipo, Medea edota Fedra aipatzen dituzten liburu zahar eta hautseztatu horiek, bigarren eskuko edozein liburu-dendatan bizpahiru euro ziztrinengatik eros daitezkeenak. Hala ere, ezin hobeki barneratua dugun etsipenezko edo amorruzko erritual horren errautsak barreiatu direnean, galde diezaiogun geure buruari: Zenbatek ikusten zuen ‘Sautrela’? Zenbatek entzuten ‘Lizardiren baratza’? Zenbat joaten ziren ‘Garoa’ liburu-dendara maiztasunez edo tantaka libururen bat erostera? Zenbat erosle zituen ‘Edo!’ argitaletxeak? Uste dut hor dagoela arazo honen guztiaren gakoa. Sormenaren lurraldea gara, baina metafora eder horren atzeko errealitatea gordina izan ohi da, zenbakiak koadratu behar baitira.

Kulturarekin lotutako gune edo saioren batek gortina jaisten duenean, pena banatzen zaigu gorputzera, baita amorrua ere. Eta, arestian esan bezala, ez dira gutxi amorru hori publiko egiteko erabakia hartzen dutenak. Eta, zertarako uka, ez zaie arrazoirik falta, baina ia inoiz ez dugu arestian aipatutako beste faktore hori hizpidera ekartzen. Alegia, kultura defendatzea ez dela soilik adierazpen mindu eta are suminduetara mugatzen; kultura defendatzea kultur produktuak erostea da, kulturaren parte aktibo izatea. Edo, nahiago baduzue, kontsumitzaile. Edo erosle.

Azken batean, susmoa dut keinu eta urratze askoren atzean keinu hutsa baizik ez dagoela. Antzerki puntu bat. Edo gaurko gazteek esango luketen bezala, ‘postureoa’. Lehen, ‘hipokrisia’ ere esaten zitzaion. Hitz bigunagoa da, dudarik gabe, ‘postureoa’. Modu dotoreago eta ez hain mingarrian dei dakioke halaber ‘errazkeria’. Agian, sumina baino gehiago ‘geure sumina’ da entzunarazi nahi duguna, eta nonbait sinatu behar bada, ziztu batean estanpatuko dugu gure izena kausa on baten zerrendan, eta zerrenda hori ikusten duen edonork esan ahalko du benetan jatorrak garela, ekarpen handia egiten diogula kulturari. Eta horrela itxiko da biribil makurra, benetan ezer konpondu edo hobetu gabe.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos