https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kultur zabalkundeko jarduerak eta euskarazko hitzaldiak antolatzeko konpromisoa

Kultur zabalkundeko jarduerak eta euskarazko hitzaldiak antolatzeko konpromisoa
Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak luzatu egin dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena

AMALIA IBARGUTXI

Lehenengoz orain hamar urte hasitako lankidetzarekin jarraitzeko, hitzarmena berritu dute Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak. Aurreko astean Nafarroako Gobernuarekin egin zuen bezala, euskara eta euskal kultura sustatzeko konpromisoa berretsi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hitzarmenarekin.

«Bilboko Udalaren ildo estrategikoak dira euskara jagotea, haren erabilera soziala bultzatzea, euskal literatura sustatzea eta gizarteratzea, eta euskararen transmisioa ziurtatzea», adierazi du Aburtok. Udalak 35.500 euroko diru-laguntza emango dio Akademiari 2019rako.

Hartara, erakunde biek luzatu egin dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena, Bilbon kultur zabalkundeko jarduerak egin eta euskarazko ikastaroak eta euskararen aldeko hitzaldiak eta erakusketak antolatzekoa. Era berean, Bilborekin eta euskararekin lotutako lanak edo biografiak argitaratuko ditu Akademiak; aurten, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariaren biografia argitaratuko da.

Adostu dute «Bilbok euskararekin izan duen lotura estua eta denboraren joanean bilbotarrek euskarari erakutsi dioten atxikimendua herritarren artean zabaltzeko asmoz, Bilborekin lotura izan duten pertsona esanguratsuen lanak eta bibliografiak argitaratzea; udazkenean berriro egingo da 'Astelehen buruzuria' zikloa, formatu akustikoan egiten den hitzaldien, jardueren eta musika-errezitaldien zikloa; eta Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskainiko die Udaleko sailei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.

Hitzarmenak biltzen dituen konpromisoen artean lehena da Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntza eta aholkua ematekoa, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.

Udalak, hitzarmenarekin, hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea.

Temas

Euskera