https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kubers talde gasteiztarra, larunbatean, Jimmy Jazz aretoan

Kubers taldeko kideak./E. C.
Kubers taldeko kideak. / E. C.

Taldea hemendik gutxira aterako duen 'Electroestática' izeneko EPa prestatzen ari da

PAUL PICADO

Datorren apirilaren 27an, larunbatean, Kubers talde gasteiztarra izango da Jimmy Jazz aretoan. Taldea 'Electroestática' izeneko EPa prestatzen ari da gaur egun, eta hemendik gutxira kaleratzea aurreikusita du. Kontzertua ikusi nahi baduzu, aretoko ateak 20:30ean irekiko dituzte, baina oraindik ez dute adierazi kontzertua zer ordutan hasiko den. Sarrerak Interneten (10,50 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) eros daitezke aldez aurretik.

Kuber taldea 2008. urtearen amaieran sortu zen. Mónica Durán abeslaria Gasteizera etorri zen Unibertsitatean ikasteko, iragarki bat jarri zuen Interneten eta Iker Argote (bateria-jotzailea) eta Fran Serrano (baxu-jotzaile) harekin elkartu ziren. Geroago, Asier Atxa gitarra-jotzailea ere sartu zen taldean.

Abestietan rock-indie alternatiboa erabiltzen duela esan daiteke. Hasiera batean ingelesez abesten zuten, baina geroago gaztelaniaz abestea erabaki zuten. 2012. urtean taldearen lehen EPa kaleratu zuen, 'Instinto' izenekoa. Bigarren lana 2017. urtean kaleratu zuten, izan ere, 2014. urtean grabatu zuten arren, Iker Argote bateria-jotzaileak izandako trafiko-istripuaren ondorioz beranduago kaleratu zuten.

2018. urtearen amaieran Monkey Men talde gasteiztarrarekin 'Sinergia Rock' izeneko kontzertu bikoitza antolatu zuen, bertako taldeak sustatzeko eta beraien jardueran laguntzeko. Oso harrera ona izan zuenez, etorkizunean berriro antolatzea erabaki dute. Gaur egun, esan bezala, bere azken lana prestatzen ari da, eta Gasteizen aurreko lanetako abestirik arrakastatsuenak entzuteko aukera izango dugu.

Temas

Euskera