https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kristauek eta musulmanek «dinamika sozial desberdinak zituzten»

Irantzu Laura Guede geologoraren gidaritzapean, EHUko lagun talde batek Erdi Aroko lau aztarnategi ikertu ditu. Antzeko elikagaiak jaten zituzten: zerealak, barazkiak eta lekaleak, batez ere.

AMALA IBARGUTXI

Erdi Aroko gizarteen dinamika sozialak, dieta eta mugikortasuna aztertzeko, ikerketa burutzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) diziplina anitzeko lagun talde bat, Irantzu Laura Guede geologoaren gidaritzapean. Aztarnategietako giza hezurren eta hortzen isotopoak eta elementuak analizatu dituzte, eta inguruko faunaren, landarediaren, lurzoruaren, uraren eta aurkitzen ditugun bestelako materialen analisiekin alderatu, gero. Nahiz eta biztanleatzerritarren jatorri-eremuak zehaztea zaila izan den, ondorioztatu dute landa-populazioek antzeko elikagaiak jaten zituztela: zerealak, barazkiak eta lekaleak, batez ere, eta animalia-proteina kantitate txikiak.

Baita ere, atzerriko lagunen kopuru mugatua ikusita ondorioztatu dute mugikortasuna oso txikia zela garaian, adibidez. «Erdi Aroko biztanleriaren mugikortasuna mugatua zen, gizabanako atzerritar gutxi aurkitu baititugu. Nahiz eta atzerritarren jatorri-eremuak zehaztea zaila izan den, isotopoen datuek iradokitzen dute ezin zitezkeela oso urrunekoak izan —zehaztu du—. Nolanahi ere, gaur egun ditugun datuekin ezin da gizabanako atzerritarren jatorria zein den zehaztu», azaldu du Guedek.

Paleodieta-ereduei dagokienez, «datuek adierazten dute Erdi Aroko landa-populazioek antzeko elikagaiak jaten zituztela: zerealak, barazkiak eta lekaleak, batez ere, eta animalia-proteina kantitate txikiak. Baina, halaber, agerian geratu da musulmanen artean sexu eta adinaren arabera elikagai desberdinak jaten zituztela. Horri esker antzemango litzateke dinamika sozial desberdinak zituztela kristauek eta musulmanek», gaineratu du.

Laborategian lortzen dituzten analisien emaitzetatik ondorioak atera dituzte, baina geologoak nabarmendu du ez dutela esanahirik arkeologo edota antropologoek dituzten datuekin erlazionatzen ez badira. Izan ere, «beste jakintza-alorretako ikertzaileek bestelako informazioa izaten dute, aztarnategian aurkitutako janari-, landare-, animalia-arrastoen, bitxien eta bestelako aztarnen araberakoa».

Horregatik osatu dute lan-talde anitza, historialari, paleontologo eta antropologoekin. Geologoak karbono, nitrogeno, oxigeno eta estrontzioaren azterketa isotopiko eta elementalak egin ditu Dulantziko San Martin (Araba), Las Gobas (Trebiñu), Momoitioko San Juan (Bizkaia) eta Tauste (Zaragoza) aztarnategietako hainbat gizabanakoren hortz eta hezurretan —lehenengo hiru aztarnategiak kristauak dira, eta azkena, islamiarra—, Erdi Aroko gizarte haien dinamika sozialak, dieta eta mugikortasuna aztertzeko.

Temas

Upv, Euskera