'Kortxoaren dilema' antzezlanaz gozatu, Pabellón 6 aretoan
Interesdunek ostegunean ikusi ahal izango dute euskarazko bertsioa
Ikasturte berria proposamen berriekin dator eta Pabellón 6 aretoak Tartean Teatroa konpainiaren 'Kortxoaren dilema / El dilema del corcho' antzezlanarekin hasiko du iraila. Interesdunek ostegun honetan, irailaren 11an, izango dute Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzezleak protagonista izango dituen lan horren euskarazko emanaldiaz gozatzeko aukera, 19.30ean. Bestalde, gaztelaniaz ikusi nahi dutenek aukera izango dute hilaren 6an, 7an, 12an, 13an eta 14an, toki eta ordu berean. Kasu honetan, Telleriak Ramón Barearekin partekatuko du eszenatokia.
Endreduzko thriller politiko honetan kontatzen denaren arabera, Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa den Irakaslea (70 urte) pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera heldu zaio ezustean. Izan ere, aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakar batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Hauen ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukoa, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru honen salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea izan da.
Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin; ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin. Gaur hartu du erabakia, baina publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere Ikaslea (60 urte) izandako bat agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator.
Antzezlanari dagokionez, Tartean Teatroa konpainiaren arduradunek diote lan honek «sakontasun handiko gatazka politikoak eta dilema etikoak baliatzen» dituela, baina «ez da drama bat, baizik eta komedia politikoa. Zergatik eta bere egituragatik. Antzezlan hau endreduzko komedia bihurtzen da trama eroagatik».
Ildo horretan, azaldu dute «ustekabeok egoera bakoitzaren norabidea errotik aldatzen dutela, pertsonaiak eta ondorioz ikusleak ere, ezustean harrapatuz. Ezer ez da hasiera batean ematen duena». Eta, esan bezala, «politikoa da, kontzeptuaren alderik intimoenean, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako», diote.