https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloa abian jarriko da bihar, Gasteizen

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloa abian jarriko da bihar, Gasteizen

Ostiralera arte hiru ikus-entzunezko emanaldi eta kontzertu bat izango dira

PAUL PICADO

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema uztartzen dituen zikloa da. Horrela, zinema-saioak eta musika-kontzertuak ematen dira, bai Oihaneder Euskararen Etxean, bai Falerina lorategian. Aurtengoa bosgarren edizioa da, bihar asteartean hasi eta ostiralean amaituko dena. Lau egun hauetan hiru ikus-entzunezko eta kontzertu bat izango dira. Hiru ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko azpitituluekin. Sarrera doan da, baina leku kopurua mugatua dela aurreratu dute antolatzaileek.

Bihar bertan, Izoitz Barriok, Usua Garinek eta Andrea Lopetegik Lou Olangua euskal abeslariaren omenez prestatu duten dokumentala ikusgai izango da, 19:30ean, Oihaneder Euskararen Etxean. Lou Olangua 80ko hamarkadako abeslaria izan zen, eta garai hartan zegoen emakume gutxienetako bat. Haren irudia nabarmentzeko, dokumental hau prestatu zuten.

Asteazkenean, bestalde, Falerina tabernako terrazan, Sri Lankako Matangi Maya (M.I.A.) musikariaren inguruko dokumentala izango da 22:00etan. Bi hamarkadatan bildutako etxeko bideoak dira, eta bertan, Matangi Mayaren bizitza ikusten da, Londonen errefuxiatua zenean, Sri Lankako gerratik ihes egin zuenean eta negozio bateko izar bihurtu zenean.

Eta ostegunean, ordu berean, 'ORION: The man who would be the king' filma ikusgai izango da. Film honetan, Elvis Presleyren imitatzailea zen Jimmy Elis musikariaren (Orion ezizenez) jarduera peripatetikoa kontatzen da. Filma Falerina tabernan emango dute.

Azkenik, ostiralean, Eskean Kristo talde bizkaitarraren kontzertua izango da. Kaleratu berri duten 'Beste belaze batzuen gogoan' izeneko hirugarren lana aurkeztuko dute Falerina lorategian, 21:30ean.

Temas

Euskera