https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Korrontzi Dantzan' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en

Agus Barandiaran trikitilaria eta Izaskun Iturri dantzaria./EiTB
Agus Barandiaran trikitilaria eta Izaskun Iturri dantzaria. / EiTB

Agus Barandiaran trikitilaria eta Izaskun Iturri dantzaria herriz herri joango dira, oholtza gainean kide izango dituzten dantzari amateurrak ezagutzeko

'Korrontzi Dantzan' saioa estreinatuko da gaur asteazkenean ETB1en eta eitb.eus-en, Agus Barandiaran gidari duen musika taldearen eskutik. Korrontzi Dantzan proiektuak 50 emanalditik gora egin ditu, bai Euskal Herrian zehar, baita atzerrian ere, sekulako arrakastarekin. Orain, egitasmoak telebistara egingo du jauzi, lau haizetara zabaltzeko asmoz.

Egitasmo horretan, Korrontzik emanaldia eskaini behar duen herrian, bertako dantza taldeekin koreografia desberdinak lantzen dituzte. Hori izango da dantzari amateurren erronka nagusia: Korrontzi taldearen koreografiak dantzatzea, herri osoaren aurrean.

Erronka betetze aldera, Agus Barandiaran arduratuko da trikitixarekin koreografiei doinua jartzen, eta Izaskun Iturri dantzariak erakutsiko dizkie koreografien oinarrizko urratsak herritarrei.

Programaren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, saioak Sopela, Zarautz eta Bermeoko dantza taldeak hartuko ditu protagonista. Bertan, emanaldia nola prestatzen duten ikusi ahal izango dugu eta jende aurreko ikuskizunaz gozatu.

Lehen atala, Sopela

Sopela, Korrontzi dantzan saio berriaren abiaburua izango da. Emanaldian oholtzakide izango dituzte dantzari gazteak ezagutuko dituzte Agusek eta Izaskunek eta euren ikuskizunean parte hartzeko erronka jarriko diete. Hori bai, oholtza gainean aritzeko, maila altua erakutsi behar dute eta ez dute koreografiak ikasteko denbora askorik izango. Beraz, gogotik egin beharko dute lan, Izaskunen gidaritzapean.

Emanaldia prestatu bitartean, dantzarekin zerikusia duten protagonistak ezagutuko ditu saioak, denak ere profil ezberdinekoak. Haien bidez, emanaldiaren aurreko entsegu eta probatan murgilduko da ikuslea, dantzari bakoitzaren eboluzioa hizpide hartuta.

Ikuskizunaren egunak presentzia nabarmena izango du, oholtza gaineko jardunaz gain, backstage-an sortzen diren emozio eta ardura guztiak ikusteko aukera izango da.

Ikuskizuna Larrabasterra auzoko festetan eskaini zuten, Eguzki Lore dantza taldea eta Meñakoz Dantza Elkartearen laguntzarekin. Parte hartu zuten Sopelako lagunen artean, Aintzane, Laura, Karmele, Juanan, Marilyn, Yolanda de Miguel, Gorka, Julen, Asier, Bene, Antonio eta Arantza ikusiko ditugu aste honetako atalean. 'Korrontzi Dantzan' asteazken honetan izango da ikusgai 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera