Korrikaren 45. urteurrena: «Euskarari pizkunde berri bat emateko unea da»
AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu asteburuan euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen
Duela aste batzuk, Korrika martxoaren 29an Bilbon amaituko dela iragarri zuten AEKko antolatzaileek, Atharratzen hasi eta hamar egunera. Bada, euskararen aldeko martxak 45 urte bete zituen joan den larunbatean eta ekitaldi bat antolatu zuten Oñatiko Unibertsitatean, non ia mende erdi geroago Korrika «antolatzeko arrazoiak» bere horretan mantentzen direla adierazi zuten. «Berdin jarraituko dugu euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte. Ez gero, orain baizik. Euskarari pizkunde berri bat emateko unea da», azpimarratu zuten.
'Ez gero, orain baizik' izenburupean, 1980ko lasterketan protagonista izan zirenak omentzeko balio izan zuen ekitaldi hori eguerdian hasi zen, Xabier Amurizak lehendabiziko Korrikaren koplak abestu zituenean. Ane Elordi arduradunak hitza hartu zuen gero eta urteurrenaren harira «zer ospatu» badela esan zuen. Hala ere, argi dauka Elordik ezin dela «ezkutatu zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak» dituela AEKk, hau da, «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Ez gara folklore», esan zuen.
Ildo berean mintzatu zen Aize Otaño AEKren Nazio Kontseiluko kidea. «Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko unea da, presa ere badugu». Hala, eskua luzatu zien instituzioei «euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan». Eta EAEn, «ofiziala» izanik pairatzen duen «oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoa» gogor kritikatu zuen.
Beraz, 1980ko hamarkadan egin bezala, euskarari «pizkunde berri bat» ematera deitu zuten, baita abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Bilbao Arenara egingo duen ekitaldian parte hartzera ere.
Azkenik, alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari buruzko AEKren hiru eskariak oroitu zituzten: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra» sortzea, doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa eta euskara ezagutzeko beharra sustatzea.