https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Korrikak otsailaren 9an omenduko du Txillardegi

Korrikaren aurkezpena./
Korrikaren aurkezpena.

Donostiako Musikenen egingo diote omenaldia «euskara batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik»

AMALIA IBARGUTXI

Txilardegi omenduko du 21. Korrikak «euskaldunoi egindako ekarpenengatik». 'Klika' lelopean, apirilaren 4tik 14ra egingo da Korrika, Garestik Gasteizera. Euskararen aldeko hautua egin eta «euskararen aroarekin bat egitera» animatuko dituzte parte-hartzaileak lelo horrekin. Hain zuzen, aurtengoan omenduko duten Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' zenak ere, bere garaian 'klika' egin zuela eta, «euskara batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik», Donostiako Musikenen egingo diote omenaldia, otsailaren 9n.

AEK-k eta Korrikak erabaki dute Txillardegi omentzea, «kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan... bultzatu zuen jarrera aldaketagatik».

Asier Amondo korrikako arduraduna Kontseiluko zuzendaritza batzordearekin elkartu da, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. Aurtengo edizioak, Euskaraldia gogoan, «euskararen aldeko erabakia hartzera animatuko ditu herritarrak. Are gehiago, 'klika' egin behar diogu garai berri bati, kulturari eta gure hizkuntzari. Izan ere, Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Horren ondorioz, euskararen aroan gaude; orain dugu unea eta orain dugu aktibatu beharra» adierazi du Amondok.

Bestalde, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, nabarmendu du norbanakoen aktibazio horrek euskararen normalizazioan duen eragin positiboa. «Ari gara, bai, behin eta berriz esaten norbanakoen aktibazioak eta ahalduntzeak normalizazio-prozesua azkartuko dutela. Korrika horretarako ekimen ikaragarria da. Halere, normalizazio-prozesua soziopolitikoa da. Horrexegatik, uste dugu jauzi kolektiboa egiteko garaia iritsi dela, eta nahiko genuke aurreko Korrikan Santiagoko Zubian egindako argazkia konpromisoz betetzea honako honetan», esan du Kontseiluko ordezkariak.

Halaber, «Bilbaok herritar guztiei dei egin die antolatuko diren ekimenetan parte hartu eta guztiok klika egin dezagun». Hamar egun horietan, apirilaren 4tik 14ra, hamaika aukera izango dira ekimenarekin bat egiteko. Bilbotik apirilaren 11an igaroko da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos