https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Korrika jada martxan da!

Korrikaren 21.edizioa atzo hasi zen./Korrika
Korrikaren 21.edizioa atzo hasi zen. / Korrika

Hamar egunetan Korrikak euskararen 7 lurraldeak zeharkatuko ditu

UNAI SARRIUGARTE

Korrikaren 21. edizioa martxan da jada. Atzo atera zen Garesetik (Nafarroa), eta 2.560 kilometro egin ostean Gasteizera iritsiko da, apirilaren 14an. Asier Amondo Korrikaren arduradunak eman zion hasiera ekimenari. Izan ere, bera izan zen mezu ezkutua lekukoan sartzeaz arduratu zena.

21. Korrikaren hasiera ekitaldia Anabel Arraiza aktore nafarrak zuzendua eta Demode Quartet taldeak girotua izan zen. Goiz osoan jai giroaz gozatu zuten bertaratutakoek, dultzaineroek Gares herriko kaleak biziki alaitu baitzituzten. Bestalde, herriko gazteek ikastolan antolatutako jarduera ezberdinetan parte hartu zuten. Ondoren, joaldunen txanda izan zen. Eguerdian, herri bazkaria egin zen, eta 250 pertsona batu ziren bertan.

Korrikaren ibilbidearen lehenengo hamar kilometroak Valdizarbeko haranean burutu ziren. Lehen kilometroa AEK Euskaltegiak gauzatu zuen. Kilometro hau Valdizarbeko eskualdeko 16 ikaslek egin zuten, izan ere, eskualdea 16 herrik osatzen dute. Hari beretik, Miriam Redín, Marian Otsoa eta Asier Otxoa izan ziren AEK Euskaltegien ordezkari nagusiak.

2.560 kilometro izango ditu aurtengo korrikak. Apirilaren 4tik hilaren 6ra bitartean 21. Korrikak Nafarroako erdialde eta hegoaldea zeharkatuko ditu. Ondoren, apirilaren 7, 8 eta 9an Nafarroa Behera, Lapurdi, Nafarroako iparraldea eta Arabako hegoaldea gurutzatuko ditu.

Apirilaren 10tik 12ra bitartean Arabako iparraldea, Bizkaia eta Gipuzkoako iparraldeko ibilbidea burutuko du. Azken kilometroak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba bitartean gauzatuko dira. Azkenik, hamar egun luze eta gero Korrika Gasteizera iritsiko da apirilaren 14ean.

Hamar egun luze daude aurretik. Euskara erabiltzeko aukera berri bat, euskara ahalduntzeko abagune berri bat. Lekukoa eskuz esku igaroko da, auzoz-auzo, herriz-herri, eskualdez-eskualde. Lekukoa daramanak milaka euskaldun eta euskaltzale izango ditu bere aldamenean gauez zein egunez..

'Klikak', aurtengo leloak, garai berri bati, kulturari, euskarari ematen dio hasiera. Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena, Euskal Herriak euskara erabiltzearekiko kontzientzia bereganatu du.