https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontzertuak, tailerrak eta filmen proiekzioak, gaur hasiko den MAZ Basauri jaialdian

Anari, Ciscar DJ eta Christina Rosenvinge./
Anari, Ciscar DJ eta Christina Rosenvinge.

Christina Rosenvingek eta Anarik hasiera emango diote datorren asteburura arte iraungo duen jaialdiaren 8. edizioari

JAN ECHEVARRÍA

Kontzertu desberdinez gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan MAZ Basauri jaialdiaren zortzigarren ediziora hurbiltzen direnek. Gaur ostiralean, Christina Rosenvinge eta Anari kantari eta musikariek Bizkaiko udalerriko Social Antzokian eskainiko dituzte erritmoz betetako kontzertuak. Jaialdiak bihar eta hurrengo asteburuan jarraituko du, eta, beti bezala, kaleko doako kontzertuak ere izango direla gogorarazi dute antolatzaileek. Hori nahikoa ez balitz, antzokian prezio merkeetan eskainiko diren boloez gozatzeko aukera izango dute jaialdira hurbiltzen direnek.

Basauriko Udalak bultzatzen du MAZ Basauri, Social Antzokiaren laguntzarekin. Lehen zazpi edizioetan «erreferente musikal moduan jarri du» udalerria, eta, antolatzaileen arabera, Basauriko ostalaritza, kultura eta saltokientzat «bultzada bat» ekarri du.

Gauzak horrela, Rosenvigek eta Anarik gaur eskainiko duten lehen emanaldiaren ondoren, bihar larunbatean, Solobarria plazako karpan, Txiki MAZ ekimena izango da 12:30ean, non makillaje eta tatuaje tailerrak izango diren eta artistek diskoak sinatuko dituzten. Gainera, Ciscar DJ eta Txiki Maz Rock Band musika eskainiko dute zuzenean.

Egun berean, Haxotz (tokiko artistarik onena), Agian (euskarazko talderik onena) eta Voltium (publikoaren saria) Rockein lehiaketaren 2018ko edizioko irabazleen kontzertuak izango ditugu 18:00etan, eta Toundra eta Mursego taldeak Social Antzokian izango dira, 21:30etik aurrera.

Esan bezala, MAZ Basauri jaialdia ez da asteburu honetan amaituko. Izan ere, hurrengo astean izango du jarraipena. Zehazki, ostiralean, maiatzaren 3an, Viva Suecia, Triángulo de Amor Bizarro eta The Owl Project taldeen kontzertuak izango dira Social Antzokian, 21:00etan, eta biharamunean, maiatzaren 4an, Iseo & Dodosound With The Mousehunters eta Hakima Flissi izango dira protagonista agertoki berean, 21:30ean.

Hortaz aparte, maiatzaren 2an, 9an eta 16an Zine MAZ izango da Social Antzokian, egun bakoitzeko bi emanalditan (20:00etan eta 22:00etan), eta 'Mujeres, de Coque Malla' (Gonzalo Visedo, 2019), 'Climax' (Gaspar Noé, 2018) eta 'Margolia' (Oier Aranzabal) programatuko dira. Ez ezazue pentsa eta anima zaitezte kontzertu, proekzio eta tailer hauetaz gozatzera!