«'Late Motiv'en jotzeak eta kontzertuekin jarraitzeak arnasa eman didate pandemia garaian»
'Aho uhal' bere bigarren diskoa Barakaldon aurkeztuko du otsailaren 18an. «Plazer bat da kantu hauek oholtzara eramatea», dio musikariak
Bi urte igaro dira bere bakarkako lehenengo diskoa atera zuenetik, baina Olatz Salvador gogotsu bueltatu da. Bere bigarren laneko 'Ez garen gu' kantua 'Late Motiv' programan (Movistar +) abestu zuen abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Iñaki Salvadorrek pianoa jotzen zuen bitartean, eta diskoa otsailaren 18an aurkeztuko du Barakaldoko Antzokian.
'Aho uhal' ez da azalean geratzen den disko bat. Sortze prozesua konplikatua izan da eta azken urteko garai ilunak bere hamabi abestietan islatzen dira. Salvadorren egia eta zauriak entzulearenak ere badira, eta ez dago zalantzarik haren ahotsak min horiek sendatzen laguntzen duela.
-Diskoaren sortze prozesua nolakoa izan da?
-Diskoaren sorkuntza oso luzea eta korapilatsua izan da. Bi urte baino gehiago daramatzat honekin eta ez da erraza izan energia eta iraunkortasun mailari eustea. Gainera, autoexijentzia maila altua izan dut eta nire lana etengabe zalantzan jarri dut. Zati hori izan da ilunena, nigan ez sinesteak asko eragin didalako. Hala ere, ondo inguratuta egon naiz prozesuaren zati batetik aurrera, eta horrek asko lagundu dit lan hau mantentzen eta apustu hau egiten. Niretzat ezinbestekoa da espazio seguru batean lan egitea, eta hori eta inguruan hain profesional eta pertsona onak edukita, zorte handia izan dut.
- Tartean konfinamendua eta pandemia izan dira...
-Bai, ez dute asko lagundu, baina egia da konfinamenduan nire sorkuntzarako tartea izan nuela. 'Ahots hari' kanta, esaterako, itxialdian egin nuen. Pandemia baten testigu izateak ez dio inola ere disko bati argitasuna ematen laguntzen, eta gogoratzen dut kontziente izan nintzela nahiko era ilunean konposatzen ari nintzela. Neure burua behartu nuen gai alaiagoez hitz egitera, baina ez zitzaidan atera eta horrekin zintzoa izatea erabaki nuen. Ez dut uste inorentzat garai erraza edo ederra izan denik eta horregatik uste dut kanpotik ere ulertuko dela hala atera izana.
-Nola egin da grabaketa?
- Ba urrian egin genuen Haritz Harreguyren estudioan, Pablo Novoarekin batera. Dena nahiko prestatuta eraman genuen, nahiz eta bazeuden estudioan hartu beharreko erabaki batzuk. Musikari guztiek beraien soinua asko landu zuten eta oso garai intentso bezala gogoratzen dut, gorabeherak eta konfinamenduak zirela medio, izan ere, datak aldatu behar eta tentsio momentu batzuk bizi izan genituen. Dena oso sintonia onean egin genuen eta musikariek, ekoizleek eta teknikariek oso aintzat hartu zuten nire iritzia. Oso zaindua sentitu naiz eta hau ezinbestekoa da horrelako prozesu batean.
-'Aho uhal' lanak zure alde iluna aurkezten du, zergatik?
-Bizitzako fase konkretu bat islatzen duelako. Errealitate bat da, momentu baten argazki bat, ez da bilatutako zerbait izan, baizik eta barruan (eta kanpoan) topatu dudana. Lehen aipatu bezala, garai iluna dela iruditzen zait eta niretzat ezinbestekoa da nire lanean zintzoa izatea. Alde batetik, nire momentu pertsonala dago, zailtasun handiz zeharkatu behar izan dudana; bestalde, nire momentu profesionala, bigarren diskoa amildegi handi bat izaten delako, eta, azkenik, kanpo testuingurua, Covid-19ak garai zail batera eraman gaituelako.
-Artista ugarik parte hartu dute grabaketan: Rozalen, Ivan Ferreiro… , zer ekarpen egin du bakoitzak proiektu honetara?
-Bakoitzak bere aletxoa jarri du eta beraien parte-hartze maila desberdina izan da, nahiz eta denek inplikazio maila altua izan duten. Ivan Ferreirok, esaterako, ahotsa sartzeaz gain (oso era modulatu eta aldatuan), sinte eta gitarra efektuak sartu ditu; Rozalének bere estudiora gonbidatu gintuen eta berarekin egoteko eta bere lantaldea ezagutzeko aukera eman zigun, bere aldetik eskuzabaltasun ariketa handia, bai bertan parte hartzeagatik eta baita erakutsi duen giza kalitateagatik ere. Idoia Asurmendik gurekin batera grabatu zuen eta harremana oso gertukoa izan da momentu oro. La Mare-ri dagokionez, nahiz eta presentzialki ez egon, harremanetan egon gara, bai berak sortutako letra erakusteko garaian eta baita grabatu zuenean ere, estiloa eta tonoa definitzeko, etab. Garazi Esnaolak, azkenik, pianoa grabatu zuen 'Ez garen gu' kantan eta elkarrekin sortutako zerbait izan zen, lagun harreman batetik eta elkar ulertze batetik, musikaren gainetik doana. Guztiak maite ditut eta egin duten lanagatik eskerrak ematea baino ez zait geratzen.
-Nola bizi izan duzu kontzertuetarako itzulera?
-Nahiz eta garai arraro hauek zeharkatu behar izan, ez diot kontzertuak emateari utzi, konfinamendu garaia kenduta. Udan, nire anaiak eta biok formatu txikiko kontzertuak eman ditugu hainbat lekutan eta oso arraroa izan bada ere, guretzat arnasgunea izan da eta egoerara moldatu eta bizirauteko balio izan digu. Bandarekin eta abesti berriekin bueltatzea, ordea, oso desberdina da, eta, nahiz eta oraindik urduri xamar jarri, plazer bat da kantu hauek oholtzara eraman eta jendearen berotasuna sentitzea. Jarraitzaileen aldetik ere espazio hori konpartitzeko gogo bat bazegoela nabaritu dut.
-'Late motiv' programan 'Ez garen gu' abestia kantatu zenuen. Nola bizi izan zenuen esperientzia hori? Espero zenuen horrelako oihartzuna izango zuenik?
- Esperientzia hori ahaztezina izan zen. Horrelako zerbait egitean, inoiz ez dakizu izan dezakeen oihartzuna zein izango den, eta, seguru asko, Euskal Herrian birala izan arren, Estatu Espainiarrean anekdotikoa izan daiteke. Nire osabarekin jotzeko aukera izatea horrelako leku batean… Badakit ez dela egunero gertatzen den zerbait eta konfirmatu ziguten arte, ez nuen guztiz sinetsi. Hemen Ñakoren (managerraren) eta Pablo Novoaren itzaleko lana azpimarratu behar dut. Bertako bandako «Pirata» ere Iñakiren laguna zen eta gauza asko elkartu ziren gu han egon ahal izateko. Anekdota batzuk ere izan genituen bidean eta asko disfrutatu nuen.