https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontsumobidek ingelesa gehitu du ikastetxeei bideratutako prestakuntza eskaintzan

Kontsumobidek ingelesa gehitu du ikastetxeei bideratutako prestakuntza eskaintzan
Fotolia

Hirueletasuna bultzatzeko ingelesezko lau tailer eskainiko dituzte datorren ikasturtean

UNAI SARRIUGARTE

2018-2019 ikasturteko prestakuntza-eskaintzan 125 ikastetxe ezberdinetako 50.000 ikasle inguruk parte-hartu dute, 2.600 tailer baino gehiago burutuz. Hori dela bide, Kontsumobidek ingelesa gehitu du ikastetxeei bideratutako prestakuntza eskaintzan, hirueletasunean aurrera egiteko helburuarekin. Datorren ikasturtean kontsumoaren inguruko ingelesezko lau tailer berri eskainiko dira. Eskaintza hau Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen zikloko ikasleei joango da bideratuta.

Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak 20 urte baino gehiago daramatza ikastetxeekin lankidetzan. Urteotan hainbat tailer eta jarduera eskaini dituzte. Kontsumobideren zuzendaria den Nora Abetek nabarmendu duenez: «garrantzizkoa da adin goiztiarretatik kontsumo-gaietan prestatzea». Abetek dioenez funtsezkoa da herritartasun aktibo bat sortzeko, kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak ezagutu eta horrek duen balioaz jabetu daitezen.

Kontsumobidek eskainitako tailerrak arlo ezberdinetan sailkatzen dira: Eskubideak eta Betebeharrak, Elikadura, Kontsumo arduratsua, Aisia, Jokoak eta jostailuak, Publizitatea, Segurtasuna, Etiketatua eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak. Esparru bakoitzaren barruan jorratzen diren gaien artean honako tailer hauek daude: 'Elikadura osasungarria', 'Nabigazio segurua internetetik', 'Bideo-jokoak', 'Ura eta energia aurreztea' etab. Guztira 32 tailer dira eskaintzen dituztenak.

Aipatu dugunez berritasun gisa datorren ikasturtean estreinakoz ingelesezko 4 tailer eskainiko dituzte. Izan ere, Kontsumobidek hezkuntzaren eremuan eta gizartearen eskakizunei erantzunez hirueletasunean aurrera pauso bat eman nahi du. Beti Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko planekin bat etorriz noski.

Honako hauexek dira ingelesez emango dituzten tailerrak: 'Produktu baten bizi-zikloa' eta 'Frutak eta barazkiak' Lehen Hezkuntzako ikasleentzat; eta, 'Elikagaien manipulazio segurua' eta 'Familia-ekonomia jokoan' DBHko lehen zikloko ikasleentzat.

Temas

Euskera