https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontsumobidek arrain freskoaren etiketen eta trazabilitateari dagokion araudia betetzen ote den ikuskatuko du

Arrain freskoaren etiketak betetzen ote diren ikuskatuko dute./Rafa Gutiérrez
Arrain freskoaren etiketak betetzen ote diren ikuskatuko dute. / Rafa Gutiérrez

Ikuskatzaileek Eukal Autonomia Erkidegoko 84 arrandegi bisitatuko dituzte

UNAI SARRIUGARTE

Kontsumobidek arrain freskoaren etiketen eta trazabilitateari dagokion araudia betetzen ote den ikuskatuko du. Egiaztatze hau Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak eramango du aurrera Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Ikuskaritza Zerbitzuarekin batera. Ikuskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko 84 arrandegietan egongo dira araudia betetzen ote den egiaztatzeko.

Ikuskatzaileek, saltokiek kontsumitzaileei eskaintzen dieten informazioa, hau da, salgaien etiketetan edota laukitxoetan kontsumitzaileei eskaintzen dieten informazioa nahikoa ote den egiaztatuko dute. Gainera, 2018. urtean araudia betetzen ez zuten arrandegiei berriro ere egingo zaie ikuskaritza.

Europar Batasunak behartu egiten ditu herrialde ezberdinetako arrandegi eta saltokiak saltzen dituzten arrain moten izen komertziala eta zientifikoa erakustera. Baita arrain ale bakoitza itsasoan edota ur gezan harrapatua izan den zehaztera ere. Era berean, arrainen jatorria edota produktuaren prezioa agerian egotea nahitaezkoa da.

Bestalde, produktuen trazabilitate-sistemak eta kalitate arauei dagokienez, kontsumitzaileentzat derrigorrezkoak diren erreklamazio orriak saltokietan eskaintzen ote diren ikuskatuko dute. Halaber, bezeroei orri horiek eskura dituztela adierazten dieten kartelak saltokietan ikusgai dauden egiaztatuko dute.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Ikuskaritza Zerbitzua arduratuko da trazabilitatea gainbegiratzeaz. Hori dela bide, arrantzako produktuekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioan biltzen diren datuak ikuskatuko dituzte. Hau da, produktu hauek harrapatu, garraiatu eta banatu direnetik kontsumitzaileen eskura jartzen diren arteko prozesua..