https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontseiluak uste du euskararen ofizialtasuna izendatzeko unea dela Nafarroan, eta mobilizaziora deitu ditu herritarrak

Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzeko beharra urriaren 27an, Iruñean, aldarrikatzeko deia egin du Paul Bilbao erakundeko eledunak

AMALIA IBARGUTXI

Kontseiluak dei egin die Nafarroako bizilagun eta politikariei euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Euskararen gizarte erakundeak uste du «une honetan, behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera» ikusten duela. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi du Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzeko beharra, Nafarroan bizitzen ari diren egoerak «bultzada berria emateko aukera zabaldu duelako».

Erakundeak salatu du 1986tik hona, Nafarroako euskaldunek, beren hizkuntza-eskubideen «urraketa sistematikoa» pairatu dutela, eta «Euskararen Foru Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dituela. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez».

Horregatik, Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat idazteko batzordea eratu dela baliatuta, herritar guztien hizkuntza eskubideen alde egingo duen lege bat espero duela adierazi du idazkari nagusiak, eta hala izan dadin eskatzeko, mobilizaziora deitu ditu nafarrak. Urriaren 27an izango da, Iruñean.

Euskararen ofizialtasuna lurralde guztira zabaltzeko nahia azpimarratu du Bilbaok, behingoz zonifikazioarekin amaitu eta ofizialtasuna Nafarroa guztian lortzeko beharra, hain zuzen. «Vascuencearen Foru Legeak Nafarroa hirutan banatu zuen, eta, ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuten, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe. Ñabardurak ñabardura eta aldaketak aldaketa, Nafarroak hirutan zatituta jarraitzen du», azaldu du.

«Egoera horren aurrean, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritu beharra sentitu du Kontseiluak, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egiteko», gaineratu du Paul Bilbaok.

«Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izango den egoera bermatzeko. Lege berria, hizkuntza-eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu», esan du Bilbaok. «Bada garaia urtetan egindako kaltea erreparatzeko».

Egoera berrira igarotzeko bidea elkarlanean eta guztiok elkarrekin egin beharra ere nabarmendu du Kontseiluko eledunak. «Guztioi eragiten digun zerbait den neurrian, guztioi dagokigu, bakoitzari bere lekutik, dagokiona egitea. Eragileekin partekatuko dugu egoera eta haiek ere honen parte izatea nahi dugu. Ildo horretan egingo dugu lan».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos