https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontraesanaren izaera

Kontraesanaren izaera

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Zaila da zehaztea zein den Hasier Larretxearen lekua euskal literatur sisteman. Idazleak euskaraz eta gazteleraz egiten ditu bere lanak eta hautaketaren zergatia zein den ez dago guztiz argi. Honek guztiak galdera bat planteatzera eramaten gaitu: norentzat idazten du Larretxeak? Idazleak bere irakurlegoari buruz eraikitzen duen ideiaren araberakoa izaten baita idazlana. Edonola ere, Larretxeak bi hizkuntzetan argitaratutako poema liburu batekin egin zuen aurkezpena idazketa munduan. 'Azken bala / La última bala' zuen izenburua liburu hark. Oraingoan beste poema liburu bat aurkezten du: 'Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira'. Eta bien bitartean, poema liburuak eta oroitzapenak plazaratzen dituzten prosazko idazlanak eman ditu argitara.

Idazlea Nafarroakoa da, Baztanekoa hain zuzen ere. Bizi, ordea, Madrilen bizi da. Eta bere bizitza pribatuari dagokion datu hau poemetan planteatzen duen jarreraren adibidea izan daiteke, poesia gizakiengan ezinbestekoak diren kontraesan eta paradoxen gainean eraikitzen baitu. Izan ere, idazleak ezin du gizakien existentzia ulertu, gizakia bera murgildurik aurkitzen den kontraesan horiek aditu gabe. Identitatearen arazoarekin ager daiteke paradoxa hau, norberaren identitatea aurkitzeko askotan erroei loturik gaituzten hariak moztu behar baitira. Erroak, beraz, norberaren identitatea indartzeko baliagarriak izan beharrean, identitate hori garatzeko oztopo suerta daitezke pentsatzen den baino gehiagotan. Antzeko gauza bat gertatzen da memoriarekin. Memoria derrigorrezkoa begitantzen zaio poema hauetako subjektu poetikoari, memoria horrekin kito egiteko baino ez bada ere. Kontraesan eta paradoxa hauek beste gai batzuetan ere agertzen dira, adibidez erru-sentimenduan edota historia kolektiboan. Testuak antolatzeko baliabideak direla-eta, oso nabarmena da Larretxeak adierazpide hanpatuetarako duen joera, barrokoa baita oso.

Batzuen...

Egilea:
Hasier Larretxea
Argiteletxea:
Pamiela Iruña, 201896 orr. 13,00 euro

Beste ezaugarri ikusgarri bat abstrakzioa izango litzateke, hiztegian bertan topatzen dena. Eta irudien pilaketak ere kontuan hartzekoak dira: idazlearengan logika baten ondorioa diruditen pilaketa horiek irakurleari guztiz surrealistak suertatzen zaizkio.

Temas

Euskera