https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Komunikabideak eta norabide berriak: 'Argia'-k ez du zuzendaririk izango aurrerantzean

Zuzendariaren eserlekua irudikatzen duen argazkia./
Zuzendariaren eserlekua irudikatzen duen argazkia.

Estitxu Eizagirre ez da Argiako zuzendari izango aurrerantzean. Aldizkariko langileek jakinarazi dutenez, Eizagirrek berak proposatu du zuzendari figura kentzea, eta lan taldeak aho batez hartu du erabakia, «bestelako kazetaritza bat egiteko modu bakarra, ezberdin funtzionatzea» delakoan

AMALIA IBARGUTXI

Euskarazko aldizkari zaharrenetarikoa da Argia, aktibo daudenen artetik. Zaharra bai, baina ez zaharkitua. Izan ere, garai berrietara moldatuz joan da. Azken aldaketak, hain zuzen, goitik behera eraldatuko du lan antolaketa sistema: Estitxu Eizagirre Kerejeta ez da Argiako zuzendari izango aurrerantzean. Komunikabideak jakinarazi duenez, Eizagirrek berak proposatu du zuzendari figura kentzea, eta lan taldeak aho batez hartu du erabakia. Barne antolaketa horizontalagorantz azken urteetan egiten ari diren prozesuan beste urrats bat izango da, adierazi dutenez. Zuzendariaren lanak talde osoak hartuko ditu bere gain, ordezkaritza kolektiboa osatuz.

Argia astekaria da paperean, eta edizio jarraitua du sarean. Lasarte-Orian, Gipuzkoan, dute egoitza nagusia. Argiaren jabetza langileena da, eta langileek hartzen dituzte erabakiak. Langile guztien artean soldatak berdintzea, ardurak banatzea, enpresa osoari eragiten dioten gaiekin lan taldeak osatzea eta zuzendaritzari txandakako izaera ematea izan dira azken urteetako pausoetako batzuk.

Proiektuak 100 urte bete dituen honetan, zuzendaririk ez izatea erabaki dute. Pertsona bakarrean oinarrituriko «ardurak saihestuz, Euskal Herriko hedabide nazionalen artean bakarretakoa izango da Argia zuzendaririk gabe. 'El Salto' egunkari digitaleko lagunek esaten duten bezala, «bestelako kazetaritza bat egiteko modu bakarra, ezberdin funtzionatzea da».

Esan eta egin, antolamendu eredu berrian murgilduko da Argia, defenditzen duten kazetaritzaren adibide. Hego Euskal Herrian 57.000 irakurle ditu Argiak, CIES etxeak 2012an egindako inkestaren arabera.

1980ra arte, Zeruko Argia zuen izena komunikabideak. Hilabetekari erlijiosoa zen hasieran. 1921ean, Donostian Argia sortu zen, hau ere euskara hutsez, baina ez hain kutsu erlijiosokoa. Gerra Zibilaren ondoren, egungo astekaria bilakatu dena sortu zuten. Sortzaile euskaldunen areagotzearen lekuko, 70eko hamarkada bukaeran, euskarazko komunikabide batek izan beharreko lekuaz sakonago hausnartu eta egungo komunikabidearen oinarriak ezarri zituzten. Iaz, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuten «iraultza eta modernotasuna» ekartzeagatik, epaimahaiak nabarmendu zuenez. «Ideia laborategi» izan dela eta «beste hedabideetarako harrobi», gaineratu zuten. Etengabeko eraldaketa horretan jarraitzen dute.

Temas

Euskera