Komuneko papera
Txikitan ezagutu nituen etxe guztietan ez zegoen gaur komuneko papera esaten diogun horren antzekorik. Maiz bisitatzen genuen izebaren etxean eta beste askotan gako formako alanbre bat egoten zen, paretara iltzatua eta handik zin-tzilik periodiko orri pusketak, batzuetan guraizez ebakiak, beste batzuetan eskuz moldatuak.
Guk bagenuen komuneko papera, beixa edo hondarraren kolorekoa eta esango nuke bilkariak elefante baten irudia zuela. Bai, badakit aspaldi gertatu zela hori eta gaurko komuneko papera eta hura desberdinak direla. Adierazi nahi dut orduan ere banekiela komuneko papera luxua zela, ulertzen dudala zer nolako balioa duen.
Baina hortik abiatuta ere, betiko birusaren urte gisa gogoratua izango den 2020. honetan pandemiaren eta komuneko paperaren arteko lotura ulertezina zait. Ikusi ditut dozenaka pakete balkoian metatuak, tximinia duten etxeetan egurrarekin nola, ikusi ditut komuneko paperaz goraino betetako furgonetak eta auto partikularrak.
Lizuna iruditzen zait komuneko paperarekiko fetitxismoa, baina agian badago horretarako ere merkatu beltza. Elkartasunik eza zer den adierazteko, gizakiok noraino izan gaitezkeen miserableak kontatzeko, komuneko papera pilatzen duena baino ikur hoberik nekez aurkituko dugu.
Pilatu eta guztien begi bistan utzi, miserablea eta tontoa. Agian txikitan irakatsi zigutelako bekatuak beti zekarrela zigorra, espero nuen komuneko paperarekiko irrika erakutsi dutenak barregarri utziko zituela errealitateak, baina birusarekin gertatzen den bezala, komuneko paperarena gora doa.
Izurrite honen hasierako egunetan supermerkatuetan bizitako eromena ezaguna zaigu. Agian ez hainbeste edo hain modu nabarmenean, baina adin bat dugunok gogoratzen ditugu horrelako alarmak, apalategiak hutsik uzteko gaitasuna zutenak. Papera bukatuko da. Hainbaten ergelkeria, ez.