https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Kolore anitzak' familientzako antzerkia izango da gaur Agurainen

'Kolore anitzak' familientzako antzerkia izango da gaur Agurainen

Aniztasunaren inguruko antzezlana da, eta Araba Euskaraz eta Armentia Ikastolak antolatu dute

PAUL PICADO

Haurrekin egiteko oso bestelako jarduera bat izango dugu gaur Agurainen, Harresi Aretoan, 'Kolore anitzak' izeneko antzezlana izango baita 18:00etan. Baina ez da ohiko antzezlan bat, izan ere, tablet-ez baliatuko dira aniztasunaren balioa, askatasuna, tolerantzia eta besteekiko errespetua nabarmentzeko. Tablet-ak erabiltzearen helburua ez da bertaratutakoak distraitzea, baizik eta haurren interesa erakartzea, igorri nahi duten mezua zuzenago helarazteko.

Horrela, ume bakoitzarekin gutxienez heldu batek ere joan beharko du, banatuko zaien tableta haren ardurapean erabil dezaten. Emanaldi hau 3 eta 9 urte bitarteko umeentzat izango da, eta ipuinez, musikaz eta ilustrazio animatuez gozatzeko aukera izango dute.

Zuzeneko musika egongo da, baina batzuetan tablet-ean ikusi beharko dute, hor aktoreek jarduerarekin sinkronizatuta dagoen animazio bat ikusgai izango dutelako. Marrazki bizidunak ere izango dira, baina ez edonolakoak; errealitate areagotuaren bidez ikusiko dituzte.

Antzezlan honen antolatzaileak Araba Euskaraz eta Armentia Ikastola dira, baina ekoizlea Taldegune da, eta hiru emanaldi prestatu ditu: lehenengoa, gaur, Agurainen; bigarrena, hemendik bi astetara, apirilaren 6an hain zuzen, Gasteizen, Lakuako merkataritza gunean, 17:30ean, eta azkena, apirilaren 7an, Amurrioko Antzokian, 17:00etan. Esan bezala, ikuskizun berezia izango da, antzerki musikala eta animazio digitala bateratuko direlako. Horrez gain, umeek tablet-ei beste erabilera bat ere emango diote, helburu hezigarriarekin.

Temas

Euskera