https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Koldo Izagirre pasaitar idazleak 'Bertsoaren harria' liburua argitaratu du

Koldo Izagirre pasaitar idazleak 'Bertsoaren harria' liburua argitaratu du

Euskal Herriko 21 bertsolari ditu gogoan Izagirrek kontakizun honetan

UNAI SARRIUGARTE

Atzo goizean, ekainak 13, aurkeztu zuen Koldo Izagirrek bere obra berria. Gipuzkoar idazlea azken urtean jorratzen aritu den maisulanak bertsolaritzaren historia du hizpide. Bertsogintza eta eskultura uztartzeak sortzen duen ondarea aztertzen du Izagirrek. Garai batean hain famatuak izan ziren bertsolariak eta hauei jazotako gertakariak berreskuratzea.

21 dira Euskal Herrian barrena sakabanatuta dauden bertsolarien eskulturak; Araban izan ezik, gainerako sei probintzietan zenbait bertsolariri eskainitako eskulturak daude erakusgai: Txirrita Hernanin, Uztapide Oiartzunen, Basarri Zarautzen, Joan Etxamendi Luzaiden, Mattin Ahetzen, Balendin Enbeita Bilbon etab.

Bertsolaritzaren ondare fisiko eta sinbolikoaren pilare garrantzitsu dira maisulan hauek. Bertsolari hauek ditu gogoan Izagirrek kontakizun honetan. Bertan egileak harriei eman die ahotsa, eta historiako pasarte ezberdinak gogora ekartzearekin batera, fikzioa erabili egiten du. Aipatu dugunez 21 bakarrizketak osatzen dute liburua.

Koldo Izagirre Urreaga Pasaiako idazle ospetsua da, egun ditugun goraipatu eta berritzaileenetakoa. Bere ibilbide oparoan literaturaren genero guztiak jorratu izan ditu: poesia, eleberrigintza, ipuingintza eta saiakera besteak beste. Era berean, itzulpengintzan lan handia egindakoa da. Hainbat euskal autore klasiko beste hizkuntzetara itzuli ditu, eta literatura unibertsaleko lanak euskaratu ere bai.

Etxeko guztientzako literatura landu izan du Izagirrek, haur eta gazteentzat zenbait lan idatziz. Prentsan ere askotan artikuluak argitaratu izan ditu. Gainera, 1978. urtean «Oh! Euzkadi» euskal literatura aldizkari berritzailea sortu izan zuen Ramon Saizarbitoria eta beste euskal idazle batzuekin elkarlanean. Bestalde, 80ko hamarkadan Bernardo Atxagarekin batera «Panpina Ustela» aldizkaria kaleratu zuen.

Halaber, telebistarako eta zinemarako gidoilari lanetan ere ibilia izan da. 1990. urtean «Offeko maitasuna» filma zuzendu eta gidoia idatzi zuen. 1988. urtean, berriz, «Ke arteko egunak» luzemetraian zuzendari eta gidoigile izana da. Gainera, marrazki bizidunetako pelikuletarako zenbait gidoi egin izan ditu.

Temas

Euskera