https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jon Koldo Bikandi iurretarrak hamabi aldiz irabazi du ganadutegiko saria Gernikan

Jon Koldo Bikandi eskuman, saritutako behiarekin, urriko lehen asteleheneko azokako txapelketan./GERNIKAKO UDALA
Jon Koldo Bikandi eskuman, saritutako behiarekin, urriko lehen asteleheneko azokako txapelketan. / GERNIKAKO UDALA

Abeltzainaren esanetan, bere abereen arrakastak ez dauka sekreturik, «egunero egin behar da lan, ez dago besterik»

NAHIKARI CAYADO

Aurtengoarekin hamabi txapelketa dira Jon Koldo Bikandi iurretarrak irabazitakoak. Azken 15 urteetan egin duenez, astelehenean Gernikara abiatu zen, pirenaika arrazako Euskadiko hogeitabederatzigarren txapelketan parte hartzeko, urriko lehen asteleheneko azokaren baitan. Ze animali aurkeztuko dituen ongi erabaki ondoren -lau behi eta bi txahal- Santa Anako aparkalekura zuzendu zen, bere ganadutegian esperantza guztiak jarriz. Azkenik, epaileek «bere produktuaren homogeneotasunagatik eta kalitate handiagatik» saridun nagusi izendatu zuten.

«Joan baino aurretik oso ondo prestatzen ditugu txapelketan parte hartuko duten abereak. Ez ditugu edonola eramaten», dio Bikandik. Izan ere, nabarmentzekoa da hamarkada bat baino gehiagoz irabazle izendatua izan dela iurretarra. Hala ere, aitortzen duenez, bere abereen arrakastak ez dauka sekreturik. «Animaliak urte osoan zaindu behar dira, egunero egin behar da lan, ez txapelketan aurkeztu baino pare bat egun lehenago. Ez dago besterik», azaltzen du.

Bikandirekin batera, Euskadiko 27 ganadutegitatik etorritako 120 abelburu lehiatu ziren, haien artean, 14 bizkaitar, sei gipuzkoar eta zazpi nafar. «Oso gatza iruditu zitzaigun astelehenean irabaztea, izan ere ganadu oso ona aurkeztu zen», aipatzen du abeltzainak.

Epaileek ere ez zuten batere erraz izan erabakia hartzerako orduan. Aurten hiru kidek osatu zuten epaia. Haien artean eta lehenengo aldiz, emakumezko baten presentzia izan zen. Luze eztabaidatu ostean, azkenik, Bikandiren ganadutegia saritu zuten, eta baita bere behietako bat, behi onenaren izendapenarekin. «Oso pozik gaude, esfortzuak merezi duela adierazten du honek», aditzera eman du irabazleak.

Bestetik, azpimarratzekoa da hirugarren saria, zezen onenarena, Iurretako herrira eraman zutela ere. Kasu honetan Mari Carmen Abendibarrenarentzat izan zen 'arraza-ezaugarri bikainengatik', aukeratua. Horrela ba, argi geratu zen Gernikan, urriko lehen astelehenean, pirenaika arrazako ustiategiek egoera ona bizi dutela.

Temas

Euskera