https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Klima aldaketak «nolabaiteko mesede» egin diezaioke Bizkaiko Golkoko antxoari

Klima aldaketak «nolabaiteko mesede» egin diezaioke Bizkaiko Golkoko antxoari

XXI. mendeak aurrera egin ahala, arrautzen ekoizpena eta erruteko guneak handitu egingo direla aurreikusi

JAN ECHEVARRÍA

Klima aldaketa planeta osoko espezieen banaketa, ekosistemak eta itsasoaren maila aldatzen ari den errealitatea da. Iaz, munduko batez besteko tenperatura laugarren altuena izan zen datuak daudenetik, eta gradu bat altuagoa industriaurreko aroan erregistratutakoa baino, Munduko Meteorologia Elkartearen txosten baten arabera. Argi dago gure ekosisteman emango diren aldaketak aurreikusteko neurriak hartu behar ditugula. Hori dela eta, AZTI elikaduraren eta itsasoaren balio katean espezializatutako zentro teknologikoak euskal arrantzaren egoera aztertu du.

Guillem Chust AZTIko klima aldaketaren adituak azaldu duenez, «azterketaren asmoa da klima aldaketak arrantzatokietan izango dituen eraginei aurrea hartzea». Hala ere, ezin da ukatu txostenean lortutako emaitzak harrigarriak direla. «Bizkaiko Golkoan klima aldaketak bereziki erasan diezaioke aingirari eta antxoari, ordez, nolabaiteko mesede egin, espezie horren banaketa gune tropikaletatik epeletara hedatzen baita», diote. Hortaz aparte, Chustek dio dagoeneko hauteman dutela «ozeanoko goiko geruzen beroketa eragiten ari dela arrain espezie batzuk poloetarantz lekualdatzea, Bizkaiko Golkoan ur beroagoetako espezieak sartzea, eta ur hotzagoetakoak murriztea, baita ere migrazioen sasoikotasun aldatzea».

Bere hitzetan gainera, «lekualdaketa bertikal bat ere gertatzen ari da, sakoneran ur hotzagoak bilatzeko, bai eta ur zutabearen estratifikazio termiko bat ere, eta horrek planktonaren biomasa urritzea eragingo du (arrain pelagiko txikien elikadura iturri nagusia da)». Horrela, ziurtatu du horrek guztiak eragina izango duela Bizkaiko Golkoko itsas baliabideen ustiapenean ere, «espezie batzuk garaile eta beste batzuk galtzaile izango direlarik».

Diagnostiko baikorra

AZTIko ikertzaileek, beraz, aztertu dute klima aldaketak izan dezakeen eragina arrainen ugaritasunean, banaketan eta errunaldian, proposamenak aurkezteko helburuarekin, arrantza sektorea egoera berrira egokitu ahal izan dadin eta itsasoko baliabideak ahalik eta eraginik txikienarekin kudeatu daitezen.

Bizkaiko Golkoko antxoaren kasuan, esaterako, Zentro teknologikoaren azterketek diagnostiko baikorra eskaintzen dute, XXI. mendeak aurrera egin ahala, arrautzen ekoizpena eta erruteko guneak handitu egingo direla aurreikusi baita. Bizi laburra duen arren, eta urtebete eskasarekin ugaltzen den arren, Chusten hitzetan, antxoa «nitxo termal zabaleko espezie bat da, gune tropikaletatik epeletara, eta, ondorioz, itsasoaren beroketari begira duen tolerantzia handiagoa da».

Azterketak dio espezie hori erresistentea dela, eta, are gehiago, fenomeno horrek mesede egin diezaiokeela inguru hauetan, nahiz eta beste pelagiko batzuekin lehiatu beharko den, edo bere predatzaileekin interakzioan jardun, horien ugaritasuna ere aldatzea eta, horrenbestez, etorkizuneko jokaleku hori aldatzea gerta baitaiteke.

Bestalde, klima aldaketak izango dituen eraginen adibide argia da berdelaren errunaldiaren banaketa: hauteman da bere zentro latitudinala hamarkada bakoitzean iparralderantz 16 kilometro lekualdatzen dela 1992tik.

Aldaketa berriak

AZTIk hauteman duen beste adibide bat da hegaluzea lehenago iristen ari dela Bizkaiko Golkora, bi egun lehenago hamarkada bakoitzean, 1982tik. Atungorriari dagokionez, ahalmen termorregulatzaile handia duen espeziea izanik, aurreikusi da bere banaketa Atlantikoko uretara hedatzea, batez ere ale handiei dagokienez. Jubenilei dagokienez, aurreikusten da Bizkaiko Golkoa bisitatzen jarraituko dutela, batez ere antxoak egoten jarraitzen badu.

Halaber, atunen familiakoa den atun mojari erreparatuta, azterketak dio litekeena dela espeziea iparralderantz aldatzea. Horrek eragina izan dezake gune tropikalean espezie horren inguruko arrantzari, eta harrapaketak gune tropikalagoetatik Kantaurirantz aldatzea. Atun moja iparralderantz aldatzea mesedegarria litzateke inguraketako arrantza tropikalerako, horren helburuko espezieak izanik marraduna eta atun hegal horia, izan ere, atun moja saihesten zaila den harrapaketa gehigarria da.

Temas

Euskera