https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Klandestitatean abortatzeagatik bi emakume hil dira Argentinan

Duela astebete Argentinako Senatuak atzera bota zuenetik abortuak legeztatzeko lege proiektua, bi emakume zendu dira haurdunaldia etetean sortutako arazoengatik

AMALIA IBARGUTXI

Duela astebete, Argentinako Senatuak atzera bota zuen abortuak legeztatzeko lege proiektua. Erantzunaren zain igaro zituzten herrialde osoko emakumeek bozkaketak iraun zituen hamabost orduak, eraikinaren kanpoaldean zutik, nazioko hainbat plazatan zutik, abortu klandestinoak hildako emakumeen inguruko albisteei agur esateko prest. Senatariek beren botoekin emandako mezua, ordea, beste bat izan zen. Zazpi botoko aldearekin, abortuak delitu izaten jarraituko du oraingoz Argentinan.

Kontserbadoreek irabazi zuten, eta bi emakume hil dira orduz geroztik abortu klandestinoetan. Astelehenean, Buenos Aires hiriko ospitale batean hil zen 34 urteko emakume bat perrexila baliatuta haurdunaldia eteten saiatzearen ondorioz. Bi urteko haur bat zuen. Hil den bigarren emakumea ere Buenos Aireseko periferiako auzo batekoa zen.

2016ko datuen arabera, 43 emakume zendu ziren abortu klandestinoetako ondorioek jota. «Abortua legala izatekotan, halakorik ez litzateke gertatuko», nabarmendu zuen Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Osasungintzako Profesional Sareko medikuak Clarín egunkari argentinarrean.

Argentinako mugimendu feministako kideek, eta herrialdeko emakume ugarik, komunikabide eta sare sozialetara eraman dute euren borroka, atzera biderik ez dagoela konbentziturik. 1921eko legea da egun abortatzea debekatzen jarraitzen duena.

Abortua legez, segurtasun osoz eta doan egiteko aukerarik gabe, klandestinitatera jotzen dute beharra sentitutakoek. Minutuero abortu bat dagoela kalkulatzen dute. 2005eko Osasun sailak egindako ikerketa baten arabera, urtero 450.000 haurdunaldi eteten dira Argentinan. Amnesty International eta beste gobernuz kanpoko erakunde batzuek 500.000 inguru direla diote. 47.000 inguruk ospitalera joan behar dute nolabaiteko laguntza behar dutelako. Dena delakoa. Argentinarrek ez dute bat bera ere gehitu nahi gaiztotutako abortuek kaltetutako andreen zerrendara.

Haurdunaldia eteteko modu zabalduenetarikoa medikamentuen kontsumoa da. Zehazki, misoprostolizenekoarena. Ospitaleetan badago eskuragarri, baina ez farmazietan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos