https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kiroletan blai eginda oporrak bukatzeko asteburua

Getxoko kirol portuan egingo dituzte kirol-saioak larunbatean, Ur Jaialdiaren baitan

AMALIA IBARGUTXI

Asteburuan kirolzaleek aukera aparta dute uda-amaiera ospatzeko: urpeko igeriketa, bela, kayak, arraun eta paddle surf ikastaroak eskainiko dituzte, dohainik. Getxoko kirol portuan egingo dituzte kirol-saiook datorren larunbatean, Ur Jaialdiaren baitan.

Arriluze eta Kirol Portuaren inguruan, Getxo Kirolak-ek koordinatuta, Getxoaktibatu! dinamizazioko udal-programaren barruan antolatu dituzte kirol jarduerok. Ur-kiroletan aritzen diren udalerriko hainbat klubek emango dituzte doako eskolak. Hori bai, parte hartu ahal izateko, izena eman beharra dago, tokiak mugatuak izango dira eta. Ikastaroetan parte hartzeko, gutxienez 8 urte izan beharko dituzte haur eta gazteek.

Itxas-Dive urpekaritzako klubak tutu bidezko urpekaritza-eskola emango du; Pakea Getxok bela ezagutzeko klaseak emango ditu; Getxo Kayaka Piragüismo klubak ere gauza bera egingo du kayakeko eskolekin; Raspas Arraun Taldeak, banku mugikorreko saio batzuk emango ditu, eta, era berean, Northwind klubak paddle surfeko klaseak eskainiko ditu.

Bestalde, Arriluze jauregi-inguruan karpa bat jarriko dute informazio gune gisa erabiliko dutena egun osoz. Gune horretan, gainera, arku-tiro eskolak eta haurrentzako hainbat ekintza burutuko dira 11:00etatik 14:00etara. Horiek ere doakoak izango dira, nahiz eta aldez aurretik izena eman beharko den horietan ere. Izena eman edo informazio gehiago eskatzeko, aide@kulturbide.com helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek, hilaren zazpira arte.

Gainera, bi asteburu barru, hilaren 22an, Pakea bela eskolak ate irekien jardunaldia egingo du, Getxo ur-kirolen mapan kokatzeko asmoari jarraiki. Bainu jantzia, txankletak, eskuoihala eta eguzkirako krema prestatzea besterik ez da falta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos