https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Karmele Jaiorekin, bueltan da emakume idazleen zikloa

Karmele Jaio./Igor Aizpuru
Karmele Jaio. / Igor Aizpuru

Idazle gasteiztarra Bidebarrieta Kulturgunean izango da ostegunean

AMALIA IBARGUTXI

XXI. mendeko emakume idazleen zikloa bueltan da. Oraingoan, Karmele Jaiok jarriko die ahotsa andrazko idazleen egoera eta bizipenei, Bidebarrieta Kulturgunean irailaren 20an, ostegunez. Ekitaldia arratsaldeko 19.30ean hasiko da liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte.

Euskaraz egingo da, eta streaming-ez eskainiko dute liburutegiko webgunearen bitartez. Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen zikloa iaz hasi ziren egiten, «irakurleen harrera ona jaso duten literatura garaikideko emakume idazleengan arreta jartzeko helburuarekin».

Orain arteko topaketetan parte hartu dute Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez eta Najat El Hachmik. Osteguneko saioko protagonistak ere, aurrekoen antzera, bide luzea du ibilia. Hiru kontakizun liburu idatzi ditu, 'Hamabost zauri' (Elkar, 2004), 'Zu bezain ahul' (2007, Elkar) eta 'Ez naiz ni' (2012, Elkar); bi eleberri ere bai, 'Amaren eskuak' (2006, Elkar) eta 'Musika airean' (2010, Elkar), eta poesia liburu bat, 'Orain hilak ditugu' (2015, Elkar) argitaratu ditu, besteak beste.

Bere lan ezagunenak, baina, beste bi dira ziurrenik. Batetik, jadanik 25. ediziora heldu den eta ingelesera itzuli berri duten 'Amaren eskuak' lanaren egilea da Jaio. Zinemara ere egokitu du Mireia Gabilondok, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zuten bere garaian. Bestetik, 2010ean, Ramon Bareak 'Ekografiak' zuzendu zuen, izenburu bereko kontakizunean oinarritutakoa. Neskato bat adoptatzeko Etiopiara bidaiatzen duen emakume baten beldurretan eta bestelako sentsazioetan sakontzen duen lana da.

Antzerkira ere eraman dira Jaioren zenbait lan. Idazle honen kontakizunak Best European Fiction 2017 bildumarako aukeratu dira, eta antologia ugaritan argitaratu dira. Euskaltzaindiak, 2015ean, euskaltzain urgazle izendatu zuen.

 

Fotos

Vídeos