https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Karabana' saio ibiltaria gaur estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en

Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez./
Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez.

Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez herriz herri ibiliko dira euren sukalde ibiltariarekin eta herritarrekin tokiko platerak prestatuko dituzte

EL CORREO

Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez sukaldarien eskutik, 'Karabana' saio berria estreinatuko da gaur, 21:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Zigor eta Itxaso herriz herri ibiliko dira euren sukalde ibiltariarekin eta herritarrekin tokiko platerak prestatuko dituzte, haien historia ezagutzen duten bitartean. Plater horiek prestatzeko pertsona alai eta saltseroak izango dituzte lagun, sukaldea eta gastronomia maite dutenak.

Euskal Herrian barrena ibiliko den 'Karabana' saioaren platora lekuan lekuko jatetxe eta tabernetako sukaldariak hurbilduko dira, baita hornitzaileak ere, produktu ezberdinak ezagutarazteko helburuarekin. Horrez gain, inguruko aurpegi ezagunak hartuko dituzte gonbidatu.

Gure herrietako jaietan hain ohikoak diren lehiaketa gastronomikoei tartetxo bat eskainiko diete, era honetako txapelketetan parte hartzeko ohitura duten herritarrak lanean jarriz. Eta, nola ez, elkarte gastronomikoetako ordezkariak ere gonbidatuko dituzte Zigorrek eta Itxasok eurekin batera kozinatzera.

Halaber, familietan, belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan den amamaren errezetei erreparatuko diete. Haien sekretuak ezagutzera ematea izango dute helburu 'Karabana' saioko aurkezleek.

Gonbidatuekin solasean aritzeaz gain, herrietako paraje kuttunen eta jaietako ekitaldien erreportajeak eskainiko dituzte. Berebat, gastronomiarekin lotutako bitxikerien eta intereseko gaien erakusleiho izango da programa.

'Karabana' saioak hainbat kolaboratzaile izango ditu: Izorne Luengo, Axpeko Akebaso jatetxeko sukaldaria; Santiago Rios, Mutrikuko Piper jatetxeko burua, eta Fernando Alberdi Getariko Dona Doni izozki dendako arduraduna, besteak beste.

Gorka Zufiaurre aktorea eta Ainhoa Sanz korrikalaria

Uztailaren 1ean estreinatuko da saioa ETB1en eta eitb.eus-en. Lehen bi ataletan Zumarraga izango da protagonista. Gonbidatu famatuen artean Gorka Zufiaurre aktorea, Ainhoa Sanz korrikalaria eta Xabier Zaldua aizkolaria izango dituzte. Horiekin batera, Bere karikaturagilea, Etxeberri jatetxeko Bixen Egiguren eta Osoa sukaldaritza eta ikaskuntza plataformako Vanesa Blazquez pasako dira 'Karabana' saioko platotik.

Profesionalak izan ez arren, sukaldean primeran moldatzen diren bi bikote ikusteko aukera izango dute interesdunek: Jorge Andueza Pitu-Tasio Urbegain eta Biriki eta David Bilbao anaiak. Bestalde, Zumarragako bi elkarte gastronomikotako ordezkariekin izango dira: Auzokoak elkarteko Agustin Aizpuru eta Aitor Fernandez, eta Zumardiko Agustin Zabalo eta Antton Arratibel.

Zumarraga eta inguruko hornitzaileen artean, Fernando Salegi harakinak eta Marilu haren emazteak buzkantzei eta txistorrari buruz hitz egingo dute, Baztarrika gaztandegiko Eli Elgarrestak gaztari buruz eta Aikur Museoko Aitor Otegik eztiari buruz. Itsasoko Hariztizabal baserriko Xabi Akizu eta Marilu Gardoki, eta haiei lekukoa hartu dieten Eneko Solana eta Itxaso Olabide ere hartuko dituzte gonbidatu 'Karabana' saioan.

'Karabana' saioa astelehenetik ostegunera izango dugu ikusgai, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean, 21:15ean.

Temas

Euskera