https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kantugintza tradizionalari gaurko ukitua emanez

Bideoaren abesti bat./
Bideoaren abesti bat.

'Hator neska-mutil etxera' diskoa sortu dute Berrizko 160 lagun inguruk: euskal kanta tradizionalen moldaketekin diskoa egin dute, eta bideo bat ere bai, proiektua aurkezten duena. «Ikuspegi inklusiboago batekin kantatzeko» egokitu dituzte letrak

AMALIA IBARGUTXI

Tradizioen etorkizuna, daukaten gaurkotasunak baldintzatzen du maiz, edo izan dezakeen gaurkotzeko gaitasunak. Berrizko hainbat eragile, bizilagun eta kantuzalek zenbait euskal kanta errebisatu eta moldatu dituzte, hizkera sexista gainditu eta gaurko herritarrak errazago identifikatu daitezen haiekin. Guztira, 160 lagun inguruk parte hartu dute 'Hator neska-mutil etxera' proiektua deitu dioten horretan.

Euskal kanta tradizionalen moldaketekin diskoa egin dute, eta bideo bat ere bai, proiektua aurkezten duena. Berrizko kultur etxeko aurkezpenean, Eneritz Gorritxategik azaldu zuen proiektuek ez dituela aurreko bertsioak ukatu edo ezabatu nahi, baizik eta alternatiba modura sortu dutela, hau da, proposamen bezala. «Kanta hauek ikuspegi inklusiboago batekin kantatzeko egokitu ditugun arren, gure asmoa ez da jatorrizko bertsioak ukatzea, bestelako aukerekin ere proba egitea baizik», esan du. Bera izan da hitz eta doinuen moldaketak egiteko arduradun nagusia.

Herriko hainbat talde eta eragilek hartu dute parte grabaketetan, guztira 160 berriztar inguruk: Oka elkarteak, San Lorentzo dantza taldeak, Azeri Gorriak asanblada feministak, Iremiñe dantza taldeak, Bertso Eskolak, Berrioiz Guraso Elkarteak, Berrizko AEK-k, Berrizko Merkatari Elkarteak, Kantxa Zati Bat-ek (Gure Esku Dago) eta Kantu-lagun taldeak.

Esan bezala, Eneritz Gorritxategik egin du hitzen eta doinuen moldaketa, eta musikari taldean ere ibili da grabazioetan, Iñaki Elortza Sarasketa, Ion Chavez Cabrerizo, Jangitz Larrañaga Gonzalez eta Julen Arzuaga Gumuziorekin batera. Soinu teknikari lanak, bestalde, Aitor Ariño Rubiok (Lorentzo Records) egin ditu; bideoaren muntaketa, Eneko Baseta Blancok; eta diseinua, Sandra Hernandez Pretek.

'Hator neska-mutil etxera' diskoa Durangoko Azokan dago salgai Durangaldeko Argitalpenak-en standean.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos