Kanbodiak ikuskizunetan elefanteak erabiltzea debekatu du
Gainera, neurri honek aisialdirako den edozein ekintza barnebiltzen du
UNAI SARRIUGARTE
Larunbata, 25 urtarrila 2020, 23:24
Kanbodiak ikuskizunetan elefanteak erabiltzea debekatu du. Herrialde honek hartutako erabaki hauxe aurrerapauso ikaragarria da, desagertzeko arriskuan dagoen espezie hauxe defendatu eta zaintzeko. Gainera, neurri honek aisialdirako den edozein ekintza barnebiltzen du.
Hala, hemendik aurrera elefante hauen gainean paseoak ematea debekatuta egongo da. Horrela, animalia hauek euren gainean eramaten zituzten aulkiek azalean egiten zizkieten zauriak saihestea bilatuko da. Era berean, erabaki honek animalia hauek kontrolatzeko makilak erabiltzea eta euren belarrietan markak egitea debekatzen du.
Gehienbat Angkor-eko Parke Arkeologikoari eragingo dio neurri berri honek. Honen bitartez 2006. urtean gertatutako ezbeharrak bezalakoak berriro ere ez gertatzea bilatuko da. Izan ere, 2006. urtean parke arkeologiko honetan elefante bat bihotzekoak jota hil egin zen. Hortaz, azken urteotan hainbat eragile ezberdin buru belarri lanean aritu dira animalia hauei sufrimendua eragiten dieten ekintzak debekatzea bilatuz.
Angkor Kanboiako esparrurik ospetsuenetakoa da. Urtero milaka pertsonek bisitatzen dute esparru hauxe. Zonaldea oso zabala da eta normalean tenperatura oso altuak aurkezten ditu. Hori dela bide, turista askok elefanteak erabiltzen dituzte bertatik mugitzeko.
Asiako kulturan oso garrantzitsua den animalia da elefantea. Naturaren Munduko Erakundeak kalkulatu duenez %50ean gutxitu dira azken urteotan elefanteak eta aske 50.000 inguru besterik ez dira geratzen. Hori dela medio, herrialde honek turismo arduratsuaren aldeko deia egin du nazioartean, galtzeko zorian dauden animaliak errespeta daitezen.