Kameratoiko 16. edizioko lanak bozkatzeko aukera zabalik dago, ostegunera arte
Film labur hoberenak 1.000 euro irabaziko du
Zurekin
Martes, 17 de noviembre 2020, 15:59
Aurreko asteburuan ospatu zen 16. Kameratoiko film laburrak ikusgai daude Euskal Zine Bileraren webgunean, eta publikoak aukera izango du aurkeztutako 26 film laburrak baloratzeko, ostegunera arte. Puntu gehien lortzen duen lanak jasoko du 16. Kameratoiko Publikoaren Saria.
Publicidad
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten lehiaketak marka guztiak hautsi ditu izen-ematean. Izan ere, euskara hutsean aurkezten diren lehiaketa honetan 34 taldek eman baitute izena, hau da, 110 pertsona baino gehiagok parte hartzeko asmoa zutela erakutsi du.
Lehiaketa hasi baino ordu batzuk lehenago, Aitor Arregi zine zuzendariak parte hartzaileekin sareko topaketa bat egiteko aukera izan zuen, lehiaketari begira aholku batzuk emateko eta partaideen zalantzak argitzeko. 36 ordutan film labur bat egiteak bere zailtasunak dituen arren, istorio on bat sortzea aholkatu zien publikoa harrapatzeko eta zinemagintzako hiru faseei denbora berdina eskaintzeko, hau da, gidoiari, grabaketari eta muntaiari. Formakuntza amaitu eta ordu batzuetara, zine zuzendaria bera izan zen arduraduna film laburraren gaia ezagutarazteko eta ofizialki lehiaketa hasitzat emateko. Denbora izan da urte honetako gaia eta talde bakoitzak bere modura interpretatzeko aukera izan du asteburuan zehar.
Edizio honetako irabazleak igandean iragarriko dira, Euskal Zine Bilera jaialdiaren webgunean. Aitor Arregi eta Izibene Oñederra izango dira 1. eta 2. sariak aukeratuko dituztenak, eta Publikoaren Saria jaialdiko webgunean bozka gehien jasotzen duenak eramango du.
Film labur hoberenak 1.000 euro irabaziko du, eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren lan hoberenak 600 euro jasoko ditu, eta boz gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du, 100 euro eta Lekeition asteburu bat.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión