https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kalistenia parke berri bat izango da Ereagako gune bio-osasungarrian

Gazte bat, ariketak egiten Kalistenia parke batean./Fotolia
Gazte bat, ariketak egiten Kalistenia parke batean. / Fotolia

Kalistenia ariketa sistema bat da, norberaren gorputzaren pisuan oinarritzen dena, indarra irabazteko eta bihotz-hodien gaitasuna hobetzeko

EL CORREO

Ereagako pasealekuko gune bio-osasungarrian, kalistenia parke bat ipintzeko lanak hasi dira aste honetan, jarduera fisikoa errazteko helburuarekin. Kalistenia ariketa sistema bat da, norberaren gorputzaren pisuan oinarritzen dena, indarra irabazteko eta bihotz-hodien gaitasuna hobetzeko. Horretarako, datozen asteetan (uste da lanak amaitzeko epea 4 bat astekoa dela, beti ere eguraldi ona egiten badu), eta Getxo Kirolakekin koordinatuta, pasealekuan Turismo Informaziorako Bulego zaharra kokatuta zegoen zelaigunea birmoldatu eta egokituko da, hondartza ondoko berdegunean, La Ola eraikinaren inguruan.

Lan hauek, kostaldean, Areetako hondartza-Txurrukan, Ereagako hondartzan (orain prestatzen hasiko dena), Portu Zaharreko zelaigunean eta Aixerrotan dauden gune bio-osasungarrietan kirola egiteko parkeak ipintzeko planaren barruan daude. Kalistenia egiteko ez ezik, jendeak eskatutako beste kirol batzuk, esate baterako crossfit ere egiteko parkeak dira -indarra hartzeko eta egokitzapen fisikorako entrenamendu sistema da hori-. Aipatutako parkeen artean seinaletika bat ipiniko dute, ibilaldientzako edo nordic walking-entzako (ibilaldi nordikoa) erreferentzia gisa. Getxon kalistenia parkeak ipintzeko eskaera iazko urriko osoko bilkuran onartu zen, EH-Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez.

Belaunaldien arteko elkargunea

Ereagakoa belaunaldien arteko elkargunea izango da, adin guztietako pertsonak barne hartu nahi dituena –batez ere adinekoak, mugikortasun urrikoak eta gazteak-. Horiek, norberaren egoera fisikoaren arabera, egin beharko dituzten ariketak zaildu ahal izango dituzte bertan. Izan ere, gaitasun urriagoa duten pertsonentzat elementu errazak egongo dira, baita mantentze ariketak egiteko eta kalistenia ekipamendua, norberaren gorputzaren pisuarekin entrenatzeko.

Ekipamendu bio-osasungarriak sei multzo edo modulu ditu, ariketak egiteko. Lehenengoa, mantentze-ariketena; zortzi zutabez osaturiko egitura da eta bi kartel handi ere ditu, bertan egin daitezkeen ariketa oinarrizkoenak eta ekipamendua erabiltzeko arauak azaltzen dituztenak. Jarduera fisiko txikia egiten duten pertsonentzat pentsatuta dago; horrenbestez, ariketa horiekin gaitasun artikularrak eta beren giharrak zaindu eta hobetuko dituzte. Gainontzeko multzoetan, bestelako ariketak egin ahalko dira; hala nola, abdominalak, besoetako flexioak, sentadillak eta luzatze-ariketak. Seigarren eta azken modulua aurreratua da.

Motelgailu-zoladura material birziklatuaz egina izango da, kautxuzko gurpil-azalez. Tonu berdeak izango ditu, berdegunearen luzapenaren itxurak eginez eta era honetako elementuen instalaziorako aplikatu beharreko araudia betez. Ekipamendu honen aurrekontua 48.000 euro ingurukoa da.

Temas

Euskera